INFO

Gure Esku Dago ekimena aurkeztu dute txiki geratu den Tolosako Leidor aretoan

Tolosako Leidor aretoa txiki geratu da Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpenean. 800 lagun inguru bildu dira erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an egingo den ekinbidea ezagutzera.

Gure Esku Dago ekimena aurkeztu dute gaur Leidor aretoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gure Esku Dago egitasmoa Euskal Herri osora zabaltzen ari da eta gaurkoan Tolosaldeko herritarrengana hurbildu da. Tolosako Leidor aretoan izan da zita, arratsaldeko 18.30ean, eta txiki geratu da lekua. 800 lagun inguru izan dira bertan, erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-kateari buruzko aurkezpenean.

Eskualdeko bertsolari, antzezle, dantzari, margolari eta bestelako sortzaileen parte hartzea izan du ekitaldiak.

Tolosaldeko 50 hautetsi baino gehiagok ere bat egin dute aurkezpenarekin.