Igeldoren desanexioa bertan behera uzten duen autoa «hutsa» dela salatu dute
Igeldo udalerri bilakatzeari bide ematen dion foru dekretua behin behinean bada ere bertan behera utzi izanaren inguruko balorazioa egin dute Itxas Aurre eta Igeldoko Herri Kontseiluak, euren abokatuaren laguntzaz. Hala, autoa «hutsa» dela salatu dute eta, ondorioz, Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenera errekurrituko dutela iragarri dute.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioari bide ematen zion 46/2013 foru dekretua behin behinean bertan behera utzi eta biharamunean, Itxas Aurreko eta Igeldoko Herri Kontseiluko kideek prentsaurrekoa eskaini dute, euren abokatuarekin batera, aipatu erabakiaren inguruko balorazioa egiteko.
Azken honen hitzartzeak piztu du ikusmin handiena, autoak barnebiltzen dituen oinarri juridikoen inguruko zehaztapenak egin baititu. Hala, eta «suspenditua» izan arren foru arauak indarrean jarraitzen duela argitu ostean, ebazpenak argudio juridikorik ez duela ematen adierazi du eta, ondorioz, «hutsa» dela.
Ildo horretan, foru dekretu bat bertan behera uztea «salbuespenezko» erabaki bat dela azpimarratu du eta Foru Aldundiak hartu duen erabakiak betetzen dituen hainbat presuntzio apurtu direla salatu du; legalitatearena, legitimitatearena eta exekutiboarena.
Horregatik, dekretua bertan behera uzteko orduan hainbat baldintza bete behar direla gaineratu du. Lehena «konponezinezko kalteen» ingurukoa da eta, honi dagokionez, berau ez dela urratzen dio autoak. Gauza bera gertatzen da dekretuaren legaltasunaren inguruan, autoak ez baitu esaten berau legez kanpokoa denik.
Arazoa interes publikoaren baldintzan dago. Hiru protagonista daude afera honetan: Foru Aldundia, Itxas Aurre eta Donostiako Udala. Ildo horretan, eta abokatuaren arabera, EAEAN-en autoak ez die garrantziarik ematen Aldundiaren eskumenei, eta Itxas Aurreren kasuan, beste 20 urte egoera berean igaro ditzakeela dio, «literalki».
Donostiako Udalarekin daude baina arazoak eta, zehazki, bertako funtzionarioekin. Hauek izango lirateke afera honetako kaltetu nagusiak, autoaren arabera betiere, Igeldo udalerri bilakatzeak zuzenean eragiten baitie euren jardunari, botere transferentziei dagokionez batez ere.
Gauzak horrela, Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenera errekurrituko dutela adierazi dute.