EPPK eta iheslarien kolektiboaren bide orriekin bat egin dute Ipar Euskal Herriko 26 eragilek
Baionan egin duten bilkuran nabarmendu dutenez, EPPK-k eta Iheslarien kolektiboak egindako ekarpenak Foro Sozialaren gomendioei erantzuten diete eta egoera «desblokeatzeko» proposamen interesgarriak dira.
Ipar Euskal Herriko 26 eragile politiko eta sozialek bilkura egin dute gaur goizean Baionan. Besteak beste, bertan izan dira Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) ordezkariak, Bakebidea, Aitzina, LAB, AB, EH Bai, EE-berdeak, LDH, Sortu, OIP, NPA, Solidaires, Etxerat, Anai-artea eta CIMADE.
Batzarraren ondoren agerraldia burutu dute eta EPPK-k eta EIPK-k aurteztutako bide orriak Foro Sozialak egindako gomendioen ildoan kokatzen direla nabarmentzearekin batera, garatzeko engaiamendua agertu dute.
Azpimarratu dutenez, «denen artean eraiki behar da konponbidea» eta Parisko eta Madrilgo gobernuei konponbideak proposatzeko eskatu diete. Beren iritziz, preso eta iheslariek egindako ekarpenak egoera «desblokeatzeko» balio dezakete eta datozen asteetan ekarpenak lantzeko burutuko dituzten ekimen zehatzak aztertuko dituztela esan dute.
Ildo horretan, gaur arratsaldean Christiane Taubira Justizia ministroaren bisita dela-eta, interpelazio zuzena egingo diotela adierazi dute.