Adostasunik gabe bukatu da Nievesen eta Goicoechearen arteko adiskidetze-egintza
Nafarroako Gobernuko Ekonomia sailburu Lourdes Goicoechea eta Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiaren arteko adiskidetze-egintza adostasunik gabe bukatu da. Goicoecheak Nieves auzitara eramaten duen ala ez erabaki beharko du orain.
Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Ekonomia sailburuaren eta Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiaren arteko adiskidetze-egintza adostasunik gabe bukatu da Antsoaingo epaitegian, Nafarroako Auzitegi Nagusiko iturriek Europa Pressi adierazi diotenez.
Nievesek Goicoechearen aurka egin zituen akusazioak adiskidetze-egintza batean froga zitzan eskatu zuen Ekonomia sailburuak edo, hori egin ezean, bere hitzetan atzera egin zezala. Leporatutako guztia ukatu zuen Goicoecheak.
Goicoechearen ordezkari gisa bere abokatu Ignacio del Burgo eta Jaime Ubillos prokuradorea izan dira; beste aldean, Idoia Nieves bera eta Ana del Pozo abokatua. Nievesek idatzi bat aurkeztu du eta bertan dionez, berak «sekula» ez du esan Goicoechea bere karguaz baliatu zenik etekin pertsonalak izateko, ezta delitu penalik egin zuenik, hala izanez gero Fiskaltzari jakinaraziko ziolako.
Adiskidetze-egintza adostasunik gabe bukatu denez, Goicoecheak erabaki beharko du Nieves auzitara eramaten duen ala ez.