INFO

Sorkuntzak martxoaren mugak gainditu nahi ditu

Egunak ospatzen ditugu gertaera pozgarri edo tristeak gogoratu nahi ditugunean. Martxoaren 8an emakumeen eguna ospatzea pozgarria da, emakumeek arlo guztietan -artean kasu- duten presentzia aldarrikatzen duelako, baina tristea ere bada, emakumeak edonon daudela gogoraraztea beharrezkoa delako oraindik.


Martxoa emakumeena da, euren presentzia aldarrikatzeko une berezi bat beharko balute bezala. Martxoaren 8a emakumeen eguna da, helburua egun horren beharrik ez egotea bada ere, gizonen egunik ez dagoen bezala. Gizarteak aurrera egin du nabarmenki eta pentsamendu feministak sistema patriarkalaren kontrako lan handia egin du, baina, hala izanda ere, badaude arlo batzuk gizonezkoenak izaten jarraitzen dutenak, publiko izatearen parafernalia horren atzean, hala ez bada ere.

Arte eta kultura arloan, adibidez, emakume sortzaile kopuru izugarri handia dago. Ezinezkoa da gizonak baino gehiago diren jakitea, kultura, bizitza, ezin baita generotan neurtu; badakigu, ordea, orokorrean publikoki gehiago ageri direla gizonak, emakumeek esateko dutena garrantzitsua ez balitz bezala.

Maite Arroitajauregi: «Ez dut eguna ospatzen»

Maite Arroitajauregi Mursegok ez du martxoaren 8ko eguna ospatzen, uste duelako ospatzeko ezer ez duela. «Ez badugu eguna ospatzen ematen du ahaztu egiten dela egun hori, baina zergatik ospatu behar dugu emakumearen eguna?». «Hiru» disko berriaren promozioan dabil eta kontzertu ugari ditu begi bistan: martxoaren 9an, Zarautzen; 15ean, Gernikan; apirilaren 6an, Oñatin; 26an, Bilbon... baina gustatuko litzaioke neska gehiago ikustea musikagintzan. «Egon badaude, baina ez dira hain ezagunak. Gure lana kontuan hartzen da, baina eszenan emakume gehiago egotea gustatuko litzaidake eta haiei ikusgarritasun gehiago ematea», aipatu zuen.

Maite Gonzalez Esnal: «Gure iritziak ez dira kontuan hartzen»

Iritzi berekoa da Maite Gonzalez Esnal, azkenaldian liburua argitaratu berri duten emakumeetako bat. Honen ustez, emakumeek presentzia badute kulturan, baina haien iritziak ez dira kontuan hartzen. «Liburuak argitaratzen dituzte eta uste dugu hori normalizatuta dagoela, baina ez da hala. Galdetu behar dugu zein zabalkunde duten lan horiek. Gauzak aldatzen ari dira baina, hala ere, iritzi bat eman behar denean emakume gutxiri galdetzen zaie. Hor ikusten dut hutsunea, gure hitza aintzakotzat ez hartzea».

Bere azken liburua «Viajes, frutas, barrios» da (Pamiela), kontakizun laburren bilduma. «Viajes» atalak idazleak berak Frisian zehar ikusitako gauzen berri emateko balio du, kontakizunetako batek izan ezik, Euskal Herrian jaio den baten memoriak biltzen dituena. «Frutas» atalean hiru fruta hautatu ditu ariketa literarioen bidez gai desberdinak jorratzeko. Granada atzerriko fruta bat da eta immigrazioaz hitz egiteko balio izan dio. «Evak jan zuen eta harrezkero emakumeak beti gara errudun», azaldu zigun sagarrari buruz hitz egiten (ipuin hau aspaldian elkar ikusten ez duten bi lagunen arteko harremanari buruzkoa da). Eta azkenik, pikua; gaztaroko oroimenak eta fruta hori hazten den lekuetako ibilbideak uztartzen ditu. Amaitzeko, «Barrios» atalean bi kontakizun daude, Donostian kokatutakoak biak, gerra osteko urteetan bata. Besteak, berriz, neskatila baten ahotsa hartzen du, haurra galdu eta hutsunea betetzeko titia beste bati ematen dion ama baten istorioa kontatzeko.

Emakumeen Begiradak

«Emakumeak beti izan gara gehiago artearen munduan -baieztatu zuen Rosa Parma artistak-, baina ez gara ezagunak izan atentziorik eskaini ez digutelako. Orain ere, berdintsu gertatzen da. Martxoaren 8a dela-eta, erakusketa kolektiboak osatzea baikorra bada ere, ez litzateke hala izan behar». Parmak, beste lau sortzailerekin batera, «Una imagen brutal» erakusketan hartu du parte. Donostiako Ekain Artelanak galerian dago ikusgai apirilaren 5era arte.

Erakusketa hau Emakumeen Begiradak estatu mailako proiektuaren parte da. Egitasmo hori hiri eta herri askotan emakumeei hitza ematera bideratutako kultur ekintzen multzoa da. Parmarekin batera, Elba Martinezek, June Crespok, Lorea Alfarok eta Elena Aitzkoak jarri dituzte euren lanetako batzuk ikusgai galerian, eta nahi duenak erosi ere egin ditzake (prezioak askotarikoak dira, 4 euro eta 2.000 euro artean). Parmarekin berarekin hasiz, bere lana marrazki eta argazkietan oinarritzen da. Haserre edo protestaka dauden emakume indartsuen argazkiak hartzen ditu inspirazio gisa eta horiekin marrazkiak egiten ditu. Marrazki horiekin fanzine bat osatu du, baita kamisetak apaindu ere. Kamiseta horiek bere lagunei janzteko eskatu eta argazkiak ateratzen dizkie, eta horiekin marrazki gehiago egiten ditu... «sorgin-gurpil bat da!», aitortu zuen.

Elba Martinezek, berriz, poesia, arte plastikoak eta bat-batean otu eta telefono mugikorraren bidez bidalitako mezuak ditu lehengai. Horiek guztiak uztartzea zaila iruditzen bazaigu ere, berak azalpen erraz bat du: «Bururatzen zaizkidan gauzak bidaltzen dizkiet lagunei SMS bidez. Batzuetan erantzuna bidaltzen didate, beste batzuetan ez. Ez dute esanahi zehatz bat, batzuetan zentzugabeak dira, dibertigarriak eta zabalak. Testu poetikoenentzat tipografia bat eta kolore bat aukeratzen ditut eta koadroak egiten ditut». Eros daitekeen lanetako bat ezezagun batekin izandako SMS bidezko elkarrizketa bat da; gizon batek, nahastuta, mezu lizun bat bidali zion. Martinezek erantzun egin zion eta orrialde anitzeko sorta polita bildu zuen hortik aurrera, akats ortografiko eta guzti.

June Crespok collage teknika lantzen du. 70eko hamarkadako aldizkarietan nesken gorputz biluziak bilatzen ditu eta horiek batera jarriz forma bat osatzen du, gelditzen diren hutsuneei ere garrantzia emanez. Koadro hauen berezitasuna da eskulturak ere badirela: «Paretan koadro moduan jar daitezke edo burdinazko egitura batean, lurrean, koadroaren bi aldeak agerian utziz».

Erakusteen aukeraketa txiki bat

Emakumeen Begiradak jaialdiaren aurtengo lema «La artista está presente» da, Marina Abramovic-ek New Yorkeko MoMa museoan eskaini zuen erakusketatik izenburua maileguz hartuz. Horren baitan, Donostiaz gain, Euskal Herriko beste hainbat lekutan prestatu dituzte ekintzak. Esaterako, Gasteizko Artium museoan Teresa Serranoren erakusketa dago ikusgai; urtarrilaren amaieran zabaldu zuten eta martxoaren 23ra arte iraungo du. «Albur de amor» lanak pertsonengan boterea ezartzeko moduak aztertzen ditu, ikuspegi feminista eta kritiko batetik. Erakusketan gaur egungo emakumeak ageri dira testuinguru desberdinetan.

Nafarroako Unibertsitatea ere partaidetza xume batekin jaialdiarekin bat egin du. Hain zuzen, bere katalogoko artistek egindako lanak bildu eta erakusketa digital batean ikus daitezke. Hor dira Dora Salazar, Henriette Boutens Van Uden, Belen Puyo Irisarri, Elena Goñi, Maria Isabel Cabanellas, Ana Villoria, Blanca Razquin, Maria Jose Recalde eta Julia Matuteren hainbat lan. Salazar eta Recalde Donostiako San Telmo museoan izango dira hizpide gaur eta bihar, beren lanaren gaineko dokumentalak proiektatuko baitituzte. Horiek Julia Juaniz zuzendariak egin ditu.

Beste emakume artista baten lana ezagut dezakegu Bilboko Alondegian. Bertan daude Los Angelesen bizi den Laida Lertxundi artista bilbotarraren ikus-entzunezko lanak. Maiatzaren 18ra arte ikusi ahal izango dugu bertako erakusketa aretoan «Llora cuando te pase», bere ibilbidearen errepaso sakona. «We had the experience but missed the meaning» bere azken lana lehen aldiz ikusteko aukera ere badago bertan. Instalazio horren inspirazio iturri Adolfo Bioy Casares idazle argentinarrak idatzitako «Todos los hombres sois iguales» lana da. Bi pantaila ditu aurrez aurre eta bisitariak bietako zein ikusi nahi duen erabaki beharko du.

Arazoak islatzen dituzten argazkiak

Ondarroako Etxelilak ere Martxoaren 8a hartu du aitzakia, Euskal Herritik urrun dauden beste emakume batzuen arazoari buruz mintzatzeko, alegia, Palestinako emakumeenaz. Basauriko Hemengo eta Hango Emakumeak taldeak Palestinara egindako bidaia islatzen duen argazki erakusketa antolatu du, «Lotsaren harresia: ahotsak martxan». Ildo berekoa da «Emakumea, denok gara horietako bat» argazki erakusketa. Francisco Magallonek lurralde desberdinetako ahotsak bildu ditu emakumeen egoera latzak salatzeko. Erretratu bilduma hau Donostiako Aiete kultur etxean izango da apirilaren 27ra arte eta UNHCR erakundearen babesa du.

Gizonezkoen arlo gisa onartu izan denetako bat kirola da. Oraindik ere gizon eta emakume kirolarien artean desberdintasun handiak daude, batez ere harrera sozialari begira (adibide bat jartzearren, konpara dezagun maila bereko gizon futbolari eta emakume futbolariek duten ospea). Elorrioko Iturri kultur etxean 1975. urte inguruan kirola bultzatu eta kirola eginez protagonista izan zirenen ausardia txalotzeko erakusketa bat zabalduko dute bihar, datorren asteko asteazkenera arte iraungo duena. «Emakumea eta kirola» argazki erakusketak atzera begiratzen jarriko gaitu, emakumeek kirol batzuk besterik egin ez zitzaketen garai hartara; hala ere, euren espazioa defendatzen jakin izan zutelako. Zuri-beltzeko argazkiekin orain arte emandako pausoak baloratzeko astia izango dugu, baita hemendik aurrera eman behar ditugunak aztertzeko ere. Kirolean eta bizitzako gainerako arloetan. Izan ere, berdintasuna benetakoa izango balitz, emakumeen eguna ez zen existituko.