INFO

Ikasle greba «herritik eta herriarentzat sortutako» hezkuntzaren alde

Greba eguna dute gaur Hego Euskal Herriko ikasleek. Hezkuntza nazional baten alde apustu egiten dutela erakutsiko dute herriz herri, eta Lomce legeari eta Heziberri 2020 programari ezezko biribila emanen diote. Motorrak berotzeko, ekintza ugari izan da egunotan ere.


Azken egunotan eta hilabete osoan ikastetxeetan izan diren mobilizazioek «eztanda» iragarri dute gaurko. Lelo hori izan zuen asteartean Bilboko ikasleek Sarriko unibertsitatean egin zuten itxialdiak. Handik ez oso urrun, Leioan, Herri Unibertsitatea praktikan jarri zuten atzo Irakasleen Unibertsitate Eskolan.

EHUko Ikasle Kontseiluak, bestalde, geldialdia adostu zuen gaurko astelehenean. Lakuako Gobernuari eta Errektoretzari «denentzat eskuragarri izango den euskal eredu propio bat definitzeko» eskatzea da erabakiaren funtsa.

Europa Press agentziak jakinarazi zuenez, atzo 6.20 aldera hiru lagun identifikatu zituzten Basaurin, Uribarri Institutu inguruan bi edukiontzi gurutzatzea egotzita. Lakuako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, identifikatuek kaputxa zeramaten eta «Ikasleak greban» pankarta erakusten zuten.

Gaur ere egun bizia espero dute, mugitua. Herrialdez herrialde errepasoa eginez, Araban, Gasteizen (12.30, Bilbo plaza) eta Laudion (12.00, Lamuza plaza) izango dira ekintza nagusiak. Bilbon, zutabe bana abiatuko da San Inaziotik, San Mamesetik eta Arriaga plazatik eta Jesusen Bihotzean elkartuko dira hirurak 12.30ean. 18.30ean beste hitzordu bat dute Plaza Eliptikoan.

Nafarroan, goizean goiz hasiko dira mobilizazioak ikastetxeetan. Iruñean eta Iruñerrian hirigunera hurbilduko dira zutabeen bidez, eta eguerdian manifestazioa aterako da Antoniuttitik. Sakanan, Lizarran eta Beran ere aterako dira kalera ikasleak. Arratsalderako, beste manifestazio bat antolatu dute hiriburuan. 18.00etan abiatuko da Udaletxeko plazatik. Gaztiak Planto ekimenekoek sarean zabaldu zutenez, debekatu egin zuten atzo martxa hori.

Gipuzkoan, Donostia (10.30, Hezkuntza Ordezkaritza, eta 11.30, Ibaeta) Zumarraga, Beasain, Legazpi, Arrasate, Tolosa, Eibar eta Errenteria izango dira grebaren kokaleku batzuk. Arratsaldean, manifestazioak iragarri dituzte eskualde guztietan.

EH Bilduk ere grebarekin bat egin eta «gure ereduaren eraikuntzan lehen lerroan egoteko konpromisoa» agertu du.