Mobilizaziorik jendetsuena izan da Bilbon, 8.000 lagunekin
Bilbon eguerdian egindako manifestazioa Hego Euskal Herrian izandako jendetsuena izan da. 8.000 ikasle inguru batu dira mobilizaziora. Arratsaldean ere jarraipen zabala izan dute deialdiek. Lau lagun atxilotu dituzte.
Bilbon 8.000 lagun inguru elkartu dira eguerdian hirigunean egin den mobilizazioan. Lakuako Gobernuak Gran Vian duen egoitzatik Arraiaga plazaraino joan dira eta, aurretik, San Inazio, Alde Zaharra eta Ingenieritza fakultatetik abiatutako zutabeak Jesusen Bihotza plazan elkartu dira.
Ertzaintzak zorrotz zainduta egin dute manifestazioa, ‘Hezkuntza herritik herriarentzat’ lelopean. ‘Borroka da bide bakarra’, ‘Ez ez ez, Lomcerik ez’, ‘Hezkuntza sistema duin eta dohaina’ eta ‘Ikasle altxa, hasi da iraultza’ leloak oihukatu dituzte ibilbidean zehar. Gran Vian aurrera zihoazela, 2.000 lagun inguruk eskolak ematen ari ziren Institutu Zentralerantz jo dute, okupatzeko asmoz, baina ez dute lortu, bertako langileek eta Ertzaintzak eragotzi egin baitiete. Une horretan poliziak kargatu egin du eta lau lagun atxilotu ditu.
Manifestazioak aurrera jarraitu du Gran Vian eta Arriaga plazan bukatu da. Arratsaldean hitzordua 18.30ean izan da, Moyuatik, eta jasotako erantzuna ere jendetsua izan da. Atxilotuen askatasuna galdegiteko ohiuak izan dira nagusi Ertzaintzak berriro ere gertutik jarraitu duen manifestazioan.