INFO

Fernandezek dionez, Urkijoren kargugabetzea ez da desadostasun politikoengatik izan

Jonan Fernandez Lakuako Gobernuko Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan duenez, Txema Urkijo Biktimen arretarako aholkularia kargutik kentzeko erabakia ez da desadostasun politikoengatik izan, baizik eta lan egiteko moduan eta antolaketa ulertzeko dituzten desberdintasunengatik.

Jonan Fernandez, artxiboko irudian. (J.DANAE/AFP)

Jonan Fernandezek adierazpenak egin ditu gaur Gasteizko Legebiltzarrean Txema Urkijo Biktimen Arretarako aholkularia kargutik kentzeko erabakiaren inguruan.

Lakuako Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren arabera, «lan egiteko modua eta antolaketa sistema ulertzeko ikuspegi desberdina» dutelako kendu dute kargutik, eta ez desadostasun politikoengatik. «Lantaldeetan horrelako arazoak izaten dira», esan du.

Nolanahi ere, Urkijoren lanaren balorazioa «erabat positiboa» dela gaineratu du. Kargugabetzeak ETAren biktima bati preso batek idatzitako gutuna ez helaraztearekin zerikusirik ez duela ere adierazi du. «Ez dago kausa-efektu erlaziorik, nahiz eta jokamoldearekin zerikusia baduen. Nabarmena da izan duen oihartzun mediatikoa».

Baztertu egin du Urkijoren eta bere arteko «bateraezintasuna» izan denik arrazoia eta «arazoa» lan egiteko modua izan dela berretsi du.