Ondarroan, 220 lagunek elkarretaratzea egin dute Iparragirre aske uzteko
Ondarroan, elkarretaratzea egin dute 220 lagun inguruk Ibon Iparragirre herriko presoaren egoera dela-eta, Iparra Galdu Baik plataformak deituta.
«Gaixotasuna+kartzela+isolamendua=heriotza zigorra. 100.2 artikulua orain. Ibon etxera» leloa izan du mobilizazioak. Herrian kezka handia dago Ibonen egoeragatik, gaixotasun larria baitu presoak eta aurreko asteburutik bakartuta daukatelako Navalcarneron, funtzionario baten erasoa jasan ostean.
Plataformako kideek adierazi dutenez, etzi familiak duen bisitaren zain daude Iparragirreren egoeraren berri izateko.
Herrian asteroko elkarretaratzea egingo dute bihar, 13.00etatik aurrera, eta datorren asterako Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizazioa iragarri dute. Horrez gain, Naiz-i adierazi diotenez, mozio bat aurkeztuko du Iparra Galdu Baik Udalean, datorren egueneko osoko bilkuran aztertzeko.