INFO

Fernandez Iradi eta Arruarte aske uzteko eskatu dute Lasarte-Oria eta Hernaniko alkateek

Lasarte-Oria eta Hernaniko alkateek Ibon Fernandez Iradi eta Garikoitz Arruarteren eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoen askatasuna eskatu diete Gobernu espainolari eta frantsesari. Bihar eta hilaren 29an elkarretaratzeak egingo dituzte Hernanin eta Lasarte-Orian, hurrenez hurren, gaixorik dauden presoei elkartasuna adierazteko.

Pablo Berrio eta Luis Intxauspe, Lasarte-Oria eta Hernaniko alkateak, gaurko agerraldian. (NAIZ.INFO)

Pablo Berrio Lasarte-Oriako eta Luis Intxauspe Hernaniko alkateek agerraldia egin dute, Ibon Fernandez Iradi eta Garikoitz Arruarte presoen osasun egoera larria dela-eta beren kezka adierazteko.

Fernandez Iradi lasartearrak esklerosi anizkoitza du eta joan zen ostiralean Parisko Auzitegiak ezarritako zigorra etetea onartu du, baina oso baldintza zailak ezarrita. Lannemezanen dago preso.

Arruarteri, aldiz, espondilitis ankilopoietikoa diagnostikatu zioten eta 100.2 artikulua aplikatzeko eskatu arren, ez diote erantzun. Almerian dago preso.

Berriok eta Intxauspek salatu dutenez, Fernandez Iradiren eta Arruarteren giza eskubideak urratzen ari dira. «Aldarrikapen humanitarioa» dela nabarmendu dute eta diagnostikatu dizkieten gaixotasunak «baldintza duinetan» artatzeko galdegin dute

Euskal Herriak egun bizi duen egoeran, «inoiz baino beharrezkoago» jo dute alderdi politiko guztiek bat egitea gatazka gainditzeko «gako nagusietan» eta, ildo horretan, «ezinbesteko» jo dute giza eskubideak bermatzea. «Gure kasuan, egoera larrian dauden Fernandez Iradi eta Arruarte kartzelatik ateratzeko eginahalak egin behar ditugu», adierazi dute.

Horregatik, Paris eta Madrilgo gobernuei haien osasun egoera larria aintzat hartzeko eta, legediari jarraiki, Fernandez Iradi, Arruarte eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoak «berehala» aske uzteko eskatu dute.

Horrekin batera, gaixorik dauden presoei elkartasuna adierazteko antolatu diren kontzentrazioen berri eman dute. Hernani, bihar, 19.30ean Gudarien plazan, eta Lasarte-Orian hilaren 29an, 20.00etan Okendo plazan. Bi alkateak han izango dira.