Uztaritzek euskara izendatu du herriko hizkuntza ofizial
Uztaritzeko herri kontseiluak euskara hizkuntza ofizial izendatzearen alde bozkatu du bart. Ipar Euskal Herriko lehenengo herria da pauso hau ematen, eta Patrick Dallennes suprefetak erabakia epaitegira eramango duela jakinarazi du dagoeneko, legearen aurka doala argudiatuta.
Historikotzat jo daiteke Uztaritzek atzo hartutako erabakia. Herri kontseiluak euskara hizkuntza ofizial izendatzearen alde bozkatu zuen bart, Ipar Euskal Herrian pauso hori ematen duen lehenengo herria bilakatzen delarik, Kazeta.info-k dioenez.
«Herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofiziala izendatzen du frantsesaren hein berean», zioen atzo bozkatutako testuak. Erabaki hori hartzeko «euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe» izan direla argudiatu zuten kontseiluan. Gehiengoz onartua izan da euskararen ofizialtasuna: 4 kontra, 3 xuri eta 22 alde.
Suprefeta, aurka
Ebazpena «guztiz ilegala eta antikonstituzionala» esan du Patrick Dallennes suprefetak ‘Sud Ouest’ egunkarian egin dituen adierazpenetan. Bertan jakinarazi du ebazpena Estatuko zerbitzuek jaso eta berehala auzitegi administratibora eramanen duela, berehalako auzi prozeduraren bitartez.
Baionako suprefetak gaineratu du«segur naiz erabakia anulatua izanen dela».