INFO

Gaixotasun larriak dituzten presoen aldeko manifestazioa egingo dute Gasteizen

Sarek deituta, hilaren 12an manifestazioa egingo dute Gasteizen, bertakoa den Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren eta gaixotasun larriak eduki arren espetxean jarraitzen duten gainerakoen askatasuna galdegiteko.

Manifestazioan parte hartzeko agerraldia egin dute Gasteizko Leizaola plazan. (NAIZ)

Arlo desberdinetako gasteiztarrek agerraldia egin dute Leizaola plazan, tartean osasungintzan ari direnak, gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna exijitzeko Sarek deitutako manifestazioari babesa adierazteko.

Mobilizazioa hilaren 12etan burutuko da, arratsaldeko 19.00etan, Arabako hiriburuko Leizaola plazatik bertatik abiatuta.

Azaldu dutenez, Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak 64 urte ditu, eta 24 urte daramatza espetxean. Bihotzeko gaitzak ditu eta egun Asturiasen dago kartzelaratua.

«Espetxea, bai egituragatik eta baita bere arautegiagatik, bere barnean dauden pertsonak mugatzen eta baldintzatzen duen eremu bat dugu. Beraz, bertan bizitzera behartuak egoteaz gain gaitzen bat pairatzen dutenek, era berezi batez bizitzen dituzte traba eta muga hauek», adierazi dute, Sareren izenean, Arantza Armentia eta Elena Gerenabarrenak.

Hori dela-eta, salatu dute espetxe baldintzek era negatiboan eragiten dutela gaixotasunetan.

Gainera, jakinarazi dute hilaren 18an Gasteizeko Udalbatzarrean Lopez de Abetxuko aske uzteko eskatzen duen mozio bat landuko dutela jakinarazi dute.