Ipar eta Hego Euskal Herria batzen dituen udalekuak egingo dituzte Maulen
Azken urteetan Iparraldeak sekulako bilakaera izan du baina, kontraz, Hegoaldearekin duen harremana inoiz baino txikiagoa da. Egoera horri buelta emateko eta kohesioa sustatzeko Ikastolen Elkarteak eta Uda Leku elkarteak ‘Elkarrekilan Zuberoan’ egitasmoa jarri dute martxan.
Ostegunetik aurrera ehun haur inguru Maulen izango dira ‘Elkarrekilan Zuberoan’ udalekuetan primeran pasatzen. Lehen aldiz Euskal Herriko zazpi herrialdeetako umeak elkartuko dira; modu xumean hasiko dira baina datorren urtean ekimen hau indartu nahi dute. Ikastolen Elkartearen eta Seaskak kudeatzen duen Uda Leku elkartearen arteko lankidetza bat da proposamen hau. Izan ere, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk azaldu bezala, «azken urteotan izugarrizko bilakaera izan du Ipar Euskal Herriak. Baina, era berean, salbuespen batzuk kenduta, esan liteke Bidasoa ibaia zabaldu egin dela, edo dagoeneko ez dugula zubi hori lehen adina gurutzatzen».
Honen arabera, Herri Urratsen azken edizioetan ere inoiz baino jende gutxiago joan da Hegoaldetik eta herrialdeen arteko sakabanaketa gertatzen ari den sentsatzioa dago. Hori ekiditeko eta zazpi herrialdeen kohesioa indartzeko proposatu dituzte udaleku bateratu hauek. Maulen izango dira baina Euskal Herri osoko haurrak izango direnez bestearen euskalki, ohitura eta jolasen berri izan ahalko dute.
Aurten Agerria etxean izango dira gaztetxoak, baina datorren urtera begira beste eraikin bat gehiago prestatzeko aukera eskaini du Michel Etxebest Mauleko auzapezak. «Gure kezka Xiberua Euskal Herritik banatuta gelditzea zen, baina ikusi dugu ez dela hala izango. Kezka hori alde batera utzita, Xiberua txikia izanik badauka bere lekua Euskal Herrian», esan du alkateak.
Udaleku hauetan Zuberoako natura, ekonomia eta historia aztertuko dituzte ondo pasatuz, lagunak egiteko eta mugak gainditzeko, aurrerantzean zazpi lurraldeak batuta egon daitezen. Esperientzia ondo badoa helduekin ere egingo dituzte ekimenak, izan ere, honen xedea Zuberoa sustatzea ere baita. Udalbiltzaren ‘Pirinioetan lan eta bizi’ egitasmoaren laguntza jaso du ekimenak.