INFO

Gaur ezagutuko da Gobernu frantses berriaren osaketa

Gaur ezagutuko da Gobernu frantsesaren osaketa berria, atzo Manuel Valls lehen ministroak dimisioa aurkeztu eta gero. Ziurtzat jotzen da orain arteko Ekonomia, Hezkuntza eta Kultura ministroak ez direla taldean izango.

François Rebsamen Lan ministroa Matignonera iristen, Vallsekin biltzeko. (Thomas SAMSON/AFP)

François Hollande presidente frantsesak Manuel Vallsi eskatu zion Gobernu berria osatzeko atzo, honek talde osoaren dimisioa aurkeztu ondoren. Exekutibo berriko kideak gaur aurkeztuko dituztela iragarri zuen Eliseoak eta Vallsek atzo kontaktu erronda hasi zuen, erlojuaren aurka. Gaur goizean hainbat lider politiko hartu ditu bere bulegoan, horien artean PRG Ezker Erradikaleko Alderdiko lehendakari Jean-Michel Baylet. Ondoren, Hollande presidentearekin bazkaltzekoa da Eliseoan, Gobernu berriari azken ukituak emateko.

Bost hilabete eskas iraun du Vallsek osatu zuen lehen taldeak.

Gobernu frantsesaren krisi politikoa egin dituen murrizketengatik jaso dituen barne kritiken eta adierazle makroekonomiko txarren ondorioz etorri da. Orain arte Ekonomiako ministro izan den Arnaud Montebourg berak publikoki kritikatu ditu murrizketak eta horren ondotik eztanda egin du krisiak eta iritsi da Hollanderen Exekutiboaren gainbehera.

Orain arte zabaldu denaren arabera, Montebourg ez da egongo Gobernu berrian, ezta aurelie Fillipetti Kultura ministroa eta Benoit Hamon Hezkuntza ministroa ere, hirurak ere publikoki mintzatu baitira Hollande eta Vallsen politika ekonomikoaren aurka.

Arratsaldeko lehen orduan espero dira ministro berrien izenak.

Bai Vallsen bai Hollanderen onarpen-mailak bereha egin du inkestetan; presidentearena %17ra erori da, inoizko baxuena; Marine Le Pen eskuindarrarenak, berriz, gora.