Kutxabank pribatizatzearen aurkako giza katea osatu dute herritarrek Donostian
Kutxa banku-fundazio bihurtzeko asmoz gaur bilduko da Kutxabanken administrazio kontseilua eta, ondorioz, BBK eta Vitalen gertatu den bezala kontrol publiko eta soziala desagertuko dela ohartarazi dute eragile ugarik. Goizean pribatizazioaren aurkako giza katea egin dute.
«Euskal Herrian sistema finantziero publikoa. Kutxabanken pribatizaziorik ez!» lelopean, eragile ugari bere baitan hartzen dituen Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak giza katea egin du Donostian.
Bertan ohartarazi dutenez, arratsaldean egingo den administrazio kontseiluaren batzarrean Kutxa banku-fundazio bihurtzearekin batera, kontrol publiko eta soziala desagertuko da, BBK eta Vitalen gertatu den bezala.
Zentzu horretan, EAJ, PP eta PSEren jarrera salatu dute, baliabide komunitarioen «espoliaziorik handiena» gauzatzeko tresna bihurtu direla salatuta.
Bestalde, 16.00etan Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop taldeek elkarretaratzea egingo dute Garibai kalean, Kutxa aurrean.