INFO

Fidel Castrok ebolari aurre egiteko lankidetza eskaini die AEBei

Fidel Castro Kubako presidente ohiak Ameriketako Estatu Batuei lankidetza eskaini die ebola birusari aurre egiteko. Bertako hedabideen bitartez egin du eskaintza, eta horrez gain, Afrikara joandako erizain eta mediku kubatarrak goraipatu ditu, «elkartasun eredu» direla esanez.


Fidel Castro Kubako presidente ohiak Ameriketako Estatu Batuei lankidetza eskaini die ebola birusari aurre egiteko. Bertako hedabideen bitartez egin du eskaintza, eta horrez gain, Afrikara joandako erizain eta mediku kubatarrak goraipatu ditu, «elkartasun eredu» direla esanez.

«Pozik arituko gara langile iparramerikarrekin lankidetzan ebolaren aurkako borrokan», dio lider kubatarrak «La hora del deber» (Betebeharrei erantzuteko garaia) izeneko artikuluan. Castrok Kubak emandako «erantzun azkarra» goraipatu du, Nazio Batuek «mendebaldeko Afrikan dagoen epidemia handiari aurre egiteko» laguntza eskatu zutenean berehala agertu baitzen bere esku zegoena egiteko prest.

Urriaren hasieran Kubak 165 profesional bidali zituen Sierra Leonara eta beste 296 erizain eta mediku bidaltzeko intentzioa dauka, besteak beste, Liberia edo Ginea herrialdeetara.

«Beren bizitza arriskuan jarri arren besteen bizitza salbatzera joaten diren osasun langileak elkartasun eredu dira, gizakiak inoiz eskain lezakeen elkartasun keinurik handiena eginez, batez ere tartean interes materialik ez dagoenean», aipatzen du presidente ohiak.

Gaineratzen du langile hauek halako «lan arriskutsua betetzera» bidaltzearen erabakia hartzea «Angolako gerrara (1976-1990) soldaduak bidaltzea baino zailagoa» iruditu zaiola, eta honako argudioa eman du: «Denok ulertzen dugu ahalik eta prestakuntza eta emaitza hoberenekin lan hau eginez gero, gure herria eta Karibeko zein Hego Amerikako bizilagunak ere babesten ari garela, gaixotasuna gehiago zabaltzea eragozten dugulako».

«Betebeharrei erantzun»

Horrez gain, testu horretan Fidel Castrok iragartzen du bihar Habanan egingo dela Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarraren (ALBA) bilera, eta bertan ebolaren kontra «modu azkarrean eta eraginkorrean» aritzeko bideak koordinatuko dituztela.

«Karibetarrak eta latinoamerikarrak adore eta borrokarako mezua bidaliko diegu munduko gainerako herriei. Betebeharrei erantzuteko garaia iritsi da», esanez amaitzen du testua.

AEBetako idazkariak, John Kerryk, pasa den ostiralean eskerrak eman zizkion Kubari ebolaren kontra nazioarte mailan egiten ari den borrokagatik. Ez da ohikoa gobernu estatubatuarrak Kubari hitz samurrak eskaintzea, 1961. urteaz geroztik Habanak eta Washingtonek ez baitute harreman diplomatikorik.

Bestalde, Barack Obama AEBetako presidenteak aipatu zuen bidaiatzeko murrizketak ezarriz Afrika isolatzeak egoera okertuko lukeela. «Gaixotasun larri bat da, baina ezin gaitu beldurrak gidatu, bestela jendeak ez du behar duen informazioa jasoko. Zientziari jarraitu behar diogu», azaldu zuen.

Estatubatuarrak lasaitzeko aipatu zuen AEBetan ebola ez dela epidemia bat: «300 milioi pertsona bizi dira hemen eta hiru kasu besterik ez dira aurkitu». Hala ere, azpimarratu zuen gaixotasuna gelditzeko modurik onena jatorrira joatea dela, zabaldu eta eusteko zailagoa izan aurretik. «Ameriketako Estatu Batuek mendebaldeko Afrikara laguntza bideratzen jarraituko dute, bertan eman behar diogu amaiera ebolari», esan zuen presidente estatubatuarrak.

Laguntza gehiago

Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak Europako gobernuburuei ebolaren kontra «zerbait gehiago» egiteko eskatu zien «gure belaunaldiko katastrofe humanitarioa» ekiditeko.