Nagore Mujika espetxeratzea agindu du Ismael Moreno epaileak
Epailearen aurretik igaro da gaur Nagore Mujika, iragan larunbatean Villenan atxilotua izan ondoren. Auzitegi Nazionalak espetxeratzea erabaki du. 1992an irekitako sumario batean oinarrituta erabaki du kartzelatzea. Haren askatasuna eskatzeko manifestazioa egin dute Deustuan.
Nagore Mujika gaur igaro da Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurretik eta honek espetxeratzea erabaki du, fidantzarik gabe. 1992an irekitako sumario batean oinarritu da epailea deustuarra kartzelara bidaltzeko. Zehazki, bi urte lehenago Barakaldon polizia baten aurkako atentatuan parte hartzea leporatzen dio Morenok. Fiskalak dio ez direla delitu hura preskribatutzat jotzeko 20 urteak igaro eta epaileak bat egin du tesi horrekin.
Mujika iragan larunbatean atxilotu zuten Villenan, Alacanten, bertan preso duen bikotekidea bisitatzera joan zenean. Iragan urriaren 14an eman zuen atxilotzeko agindua Moreno epaileak.
Mujikak bi bisita izan zituen larunbatean. Goizean lehenengo, aurrez aurreko familiarra izan zuen haurrarekin. Eta arratsaldean bigarrena. Hotelean bere zain ziren beste senide bat eta haurra eta bisita amaituta autoa hartzear zela atxilotu zuten. Kalez jantzitako bi poliziek atzeman zuten, 20.30ak inguruan.
GARAk jakin ahal izan duenez, senide horri telefonoz deitu behar izan zion alabaren kargu egin zedin.
Ondoren Villenako polizia-etxera eraman zuten, eta handik Madrilera, gaur epailearen aurretik pasa arte.
Atxiloaldian komunikatuta egon da eta konfidantzazko abokatuarekin egon ahal izan da.
Mujikak 12 urte egin zituen espetxean, bai Estatu frantsesean eta espainolean. 2011n geratu zen aske euskal preso deustuarra eta ordutik bere jarduera publikoa izan da, Etxerateko nahiz Egiari Zor fundazioko kide gisa.
Manifestazioa Deustuan
Iluntzean, ehunka pertsonek manifestazioa egin dute Deustuan.
«Konponbideari erasorik ez. Nagore Askatu» izan da manifestazioaren leloa.