INFO

Nazio marka gipuzkoar errepideetako seinaleetan erabiltzeko hitzarmena sinatu dute

Udalbiltzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute lurraldeko errepideetako seinaleetan nazio marka erabiltzeko. Hala, Euskal Herriko hainbat leku esanguratsu adierazten dituen bederatzi seinale jarri ditu Aldundiak.

A-15 autobidean jarritako kartela. (GIPUZKOABERRI)

Udalbiltzak bultzatutako nazio marka Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erabili ahal izateko hitzarmena sinatu zuten bi aldeek uztailean eta lehen fruituak ikus daitezke dagoeneko Gipuzkoako hainbat errepidetan. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu dutenez, nazio marka zabaltzea du helburu.

Nazio marka honen diseinuen jabetza, erabilpen eta esplotazio eskubideak Udalbiltzarenak dira, horien erabilpen edo esplotazioa hirugarrenei utzi eta baimentzeko eskubidea duelarik. Aizpuruak azpimarratu du udaletatik «gizartearen arlo guztietara» zabaltzea duela jomuga proiektu honek.

Larraitz Ugartek, aldiz «Euskal Herriaren nazio egitura indartzeko eta herrien arteko saretzea lortzeko», proiektu erakargarria aztertuta hartuko duela parte Aldundiak.

Hitzarmenaren lehen irudiak ikusgai dira dagoeneko Gipuzkoako errepideetan, A-15 autobidean. Kartel bakoitzak Euskal Herriko hiru leku esanguratsu eta kasu askotan turistikoak iragarriko ditu.

Azkenik, kostuari dagokionez, hitzarmenak berak kostu ekonomikorik ez dakarrela gogoratu nahi izan du Aldundiak, ez baitio Udalbiltzari ezer ordaindu behar. Hala ere, proiektuan laguntzeko nahia dela eta, 15.000 euroko partida bat ezarriko du 2015ean, «udalek haien herrietan marka hori barnebiltzen duen bide seinaleak jar ditzaten».