INFO

.EUS domeinua guztien eskura jarriko dute asteazkenetik aurrera

1.000 domeinu berriri baino gehiagori emango die ongietorria bihar Puntueus Fundazioak. Lehentasunezko eskaintza honen ostean .EUS domeinuaren erabilpen irekia edo orokorra hasiko da.

ICANN Erakundeak .eus domeinua onartu duela ospatzeko ekitaldia PuntuEus Fundazioaren eskutik, iazko ekainean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Urratsez urrats bidea egiten ari da .EUS domeinua eta Euskararen Egunarekin batera honen erabilpen ireki eta orokorra ahalbidetuko du Puntueus Fundazioak.

Urte eta erdi eskasean euskararen munduaren domeinua bete-betean martxan jartzea lortu dute sustatzaileek. Adostasunean eraikitako bide luzearen ostean, iazko ekainean iritsi zen ICANN batzordearen onespena eta urtebetera 92 aitzindariren eskutik lehen .INFO, .COM, edo .NET zegoen lekuan .EUS ikusten hasi ginen. Horien artean zen NAIZ bera ere eta .INFO izatetik NAIZ.EUS izatera pasa zen.

Aitzindarien tartea amaituta «abiarazte aldia» deiturikoa abiatu zuen Puntueus Fundazioak eta orain bi aste itxi zen tarte hori. 1.000tik gora dira, fundazioaren hitzetan, domeinu berriaren aldeko apustua egin dutenak eta asteazken honetan ekitaldi berezia antolatu dute, Euskararen Egunarekin bat eginez.

2014ko abenduaren 3an itxiko da, beraz, .EUS domeinuaren, euskararen sareko abizenaren, abiatze prozesua eta aurrerantzean honen erabilpen irekia eta orokorra sustatuko dute.