Jone Amezaga libre bizitzeko baldintzak sortzen Gernikan
Gernika kolore laranjaz «bustita» itzartu da Jone Amezagari babesa adierazteko. Hemezortzi egun ezkutuan egon ostean kalera atera asteburuan errigoitiko gaztea eta libre bizitzeko baldintzak sortzen ari direla azpimarratu dute bertan bildutakoek. Astelehenetik aurrera Amezaga Gernikan libre biziko dela iragarri dute ‘Jone Libre’ dinamikatik, edozein momentutan atxilotu ahal dutela gogoratuz.
Atxilotze arriskuan den Jone Amezaga larunbat arratsaldean agertu zen eta igandean ere Gernikako kaleetan egon da. Asteburu osoan zehar Errigoitiko gazteari sostengua adierazteko ekimen andana antolatu dituzte eta astelehenetik aurrera Gernikan «goizean goizetik aurrera Jone libre biziko da gu guztion lanari esker», adierazi dute ’Jone Libre’ ekimenetik.
Igande goiza gosari herrikoi batekin abiatu dute eta lehen asanbalda burutu dute Ertzaintza atxilotzera joaten den unean nola jokatu erabakitzeko. Goizeko 11.00ak aldera berriro ere kalera atera da Amezaga eta bere esker ona adierazi du jasotako sostenguarengatik. «Zuek izan zarete iluntasunetik argitasunera pasatzeko aukera eman duzuenak», nabarmendu du.
Jone libre! herri dinamikatik Gernikara hurbiltzeko deia egin dute eguerdian. Sare sozialetan zabaldu denez, Ertzaintzaren 20 furgoneta ikusi omen dira Durango aldean.
Arratsaldean, 16.30ean, «herri aterkiaren» irudikapena egin dute Gernikako erdigunean. Mosaiko erraldoi bat egin dute aterki laranjekin eta eguneko ekimenak bukatutzat eman dituzte. Herri bazkaria ere izan da.
Lakuaren jarrera
Amezagak Lakuako Gobernuaren jarrera salatu zuen jendaurrean agertu ondoren. Izan ere, Ertzaintza Amezaga atxilotzen saiatu zen azaroaren 24an, epaitegiek kartzelara joateko hamar eguneko epea eman arren gazteari
«Jaurlaritzak ez luke Espainiako Gobernuaren lan zikina egin behar», adierazi zuen «Argia» aldizkariaren webgunean plazaratutako elkarrizketa batean. Asteburu honetan Gernikan bildutakoei eskerrak eman zizkien eta Amezagaren ustez, euskal gizarteak lanean jarraitu behar du epaiketa politiko guztiak amaitu arte.
«28ei ere babesa eta konpromisoa adierazi behar diegu», gaineratu zuen Madrilen epaituak izaten ari diren 28 gazteen egoera gogoratuz.
Espainiako Auzitegi Nazionalak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Amezagari, «terrorismoa goratzea» egotzita. Zehazki, 2012ko Gernikako urriko azken asteleheneko azokan pankarta bat jarri izana leporatu zioten. Aipatutako zigorrari aurre egiteko, hamaika eragile, elkarte, taberna eta komertziok Gernika «herri libre» bilakatzeko konpromisoa hartu zuten.
Asteburu honetan «Jone Libre» dinamikak laranjaz margotu ditu udalerriko kaleak gazteari babesa adierazteko.
Helburu horrekin ekimen andana antolatu dira asteburuan Gernikan. Larunbat goizeko hamaiketan abiatu ziren ekitaldiak Pasealekuan egindako harrerarekin. Jende asko hurbildu zen Amezagari babesa adieraztera.
«Herri libre bat sortu dugu, guztiok askatasunez bizitzeko, gu herritar moduan eta Jone bera ere herri horren partaide izanik», azpimarratu zuen Deiene Bidaurreta «Jone Libre» dinamikako kideak, eskubide zibil eta politikoen defentsaren garrantzia azpimarratuz. «Herri libre bat sortu dugu, herri libre batean bizi nahi dugulako», zioen.