INFO

Ipar Euskal Herrian, emigrazio sistematikoa


Euskal Herriko gazteen lan emigrazioa aztertzean, Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitateak desberdindu ditu Eguzki Urteagak. Bere esanetan, Hego Euskal Herrian gertatzen ari den gazteen emigrazioa koiunturala da, 2008an hasi zen krisi ekonomikoari lotuta dagoelako neurri handi batean. «Hazkunde ekonomikoa apalagoa ala negatiboa den neurrian, enplegu gutxiago sortzen eta lanpostu gehiago desegiten da, langabezia igoaraziz. Gazteak bereziki ukituak dira lan-esperientzia txikiagoa daukatelako. Testuinguru horretan, atzerrira doazen gazteak formatuenak dira, eta horrek galera kualitatibo nabarmena suposatzen du gizartearentzat».

Aldiz, EHUko irakaslearen ustetan, Ipar Euskal Herriko egoera larriagoa da, bertako gazteen emigrazioa ez delako bukatuko krisi ekonomikoarekin, arazoa oinarrizko gabezia estrukturalek sortzen baitute. «Ipar Euskal Herrian emigrazioa estrukturala da, hemen krisi ekonomikoaren eragina ez da hain nabarmena. Hain zuzen ere, instituzio eta unibertsitate propiorik ez edukitzearen ondorioz, bertan dauden enpleguak ez dute, nahi eta nahi ez, ikasketa-maila altua eskatzen. Horren ondorioz, gazteek kanpora joan behar dute ikastera eta, behin titulu akademikoa lortuta, aukera gutxi dauzkate Ipar Euskal Herrira itzultzeko, bertan eskaintzen diren enpleguak ez datozelako bat beraien ikasketa mailarekin», dio Urteagak. Datuen arabera, urtero 8.000 ikasle inguru joaten dira Paue, Tolosa edo Parisera goi mailako ikasketak egitera eta asko ez dira itzultzen, Urteagak esan bezala, Ipar Euskal Herrian ez dutelako ikasitakoaren araberako lanposturik aurkitzen.