INFO

Presoen eskubideak eta borondatea errespetatzeko deia egin dute EH Bilduk eta EH Baik

EH Bilduko Maite Ubiria, Jon Arrizabalaga, Alberto Unamunzaga eta Patxi Zabaleta eta EH Baiko Jean-François Lefort eta Anne-Marie Grenierrek euskal presoen egoeraren larritasuna nabarmendu dute Baionan. Aieteko Konferentziatik hiru urte igaro ostean, eta euskal jendartearen gehiengoak konponbidean urratsak emateko beharra behin eta berriro azaleratu duen arren, bi estatuek beren kartzela politika «gogortzen» segitzen dutela salatu dute.

EH Bilduk eta EH Baiko kideak, Baionan eskaini duten agerraldian. (Aurore LUCAS)

«Jarrera horrekin presoei ez ezik, gizarteari berari erasan egiten diote, ez baitute gatazka behingoz gainditzeko duen nahia kontuan hartzen» adierazi du Unamunzagak Baionan EH Bilduk eta EH Baik eskaini duten agerraldian.

Azken asteotan mahai gainean diren bi neurriak –Estatu frantsean zigorra betetzen ari diren presoak Espainiaratzeko asmoa eta dagoeneko espetxe frantsesetan egindako urteak kontuan hartu ala ez dagoen eztabaida– hizpide izan dituzte.

Abenduaren 1ean Parisen esan zuenaren haritik, «euskal presoekin gainerakokin bezala joka dezan eta salbuespen neurriak ezarri ez diezaien» dei berezia egin diote Hollande presidenteari. «Beren eskubideak eta borondatea errespetzeko eskatzen diogu», gaineratu dute bi bozeramaileek, kartzela frantsesetan dauden presoak Espainiaratuak ez izateko nahia adierazi dutela gogoratuta.

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo telebistan agertutakoarekin bere desadostasuna jakinarazi du Zabaletak: «Ez zitzaidan egokia iruditu Madrilgo Gobernuan izan daitekeen aldaketa itxaron beharko dela esatea. Beste adore bat, beste jarrera bat mereziko luke egoera honek. Izan ere, Madrilen dagoena dagoela esparru guztietan ekiten segi behar dugu kartzela politika hori aldarazteko».

Ildo horretatik, datozen egunetan izango diren mobilizazioetan eta, bereziki, larunbatean EH Bilduk Donostian eta Iruñean, abenduaren 26an Ni ere Banoa ekimenak Donibane Lohizunen eta urtarrilaren 10ean Sarek Bilbon antolatu dituztenetan parte hartzera deitu dute.