INFO

Garai berri bat eraikitzeko konponbidea aldarrikatu du gehiengo sindikalak

Euskal Herriko gehiengo sindikalak elkarretaratzeak burutu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan astelehenean Guardia Zibilak egindako sarekadari erantzuna emateko. Atxiloketak «propaganda operaziotzat» jo dituzte eta bihar Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Baionan LABek egin du kontzentrazioa.

Este navegador no soporta el elemento video.


‘Langileok konponbidearen alde. Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ lelopean, Euskal Herriko ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak burutu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, joan zen asteleheko sarekada salatzeko. Bilbon, Udaletxe aurrean; Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan; Donostian, Alderdi Ederren; eta Iruñean, Udaletxeko plazan.

Iruñeko elkarretaratzean, Igor Arroyok, Nafarroako LABen koordinatzaileak, Guardia Zibilarena «propaganda operazio» bat izan zela salatu du. Era berean, atxilotuen eskubideak ez direla «errespetatu» nabarmendu du. Arroyok atxilotuetako hiruren espetxeratzea nabarmendu du, «errepresiora buelta bat» bezala.

Operazioak ere zuzenean jo zuen LAB, Guardia Zibila sindikatuak Bilbon duen egoitzan sartu, kalteak eragin eta Sarek iragan larunbatean deituriko mobilizazioan bildutako 90.000 euroak eraman zituen-eta. Horren inguruan galdera bat egin du Arroyok: «Zer gertatuko litzateke elizetako dirua eramango balute?».

Hala ere, bake bidean aurrera pausoak emateko eskatu du, «iraganari lotuta» geratu beharrean. Ildo beretik, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek gertatutakoa demokrazian «onartezina» dela nabarmendu du. Bere aburuz, operazioak PP alderdiaren «behar elektoralak» betetzea du helburu.

Bilbon, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak «Estatuaren trabak gainditu» eta etorkizuna eraikitzera gonbidatu du gizartea. «Langileok kalera ateratzen bagara konponbidea eskatzera, erakundeek eraiki egin beharko dituzte», esan du.

Era berean, CCOO eta UGTri «itun antiterrorista» delakoaren parte izateari uzteko eskatu die, «eraso hauek «euskal gizarteari batzeko» dei egin die. Bihar Donostian egingo den manifestazioarekin bat egiteko deia ere egin die langileei. «Langileok merezi dugu Euskal Herrian bakean bizitzea, behar dugu gauzak konpontzea garai berri bat irekitzeko gure herrian eta nahi dugu garai berri horrek Euskal Herriarentzat bakea eta demokrazia ekartzea, besteak beste guk gure bidea egin ahal izateko», nabarmendu du.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak espetxeratutako hiru lagunen berehalako askatasuna eskatu du eta langileak mobilizatzera deitu ditu. «Elkartasuna antolatzen duen erakunde batean lan egiteagatik atxilotu dituzte», oroitarazi du.

LAB Baionan

Baionan LABek egin du elkarretaratzea sarekada salatzeko, Herriko Etxearen aurrean.

Astelehenean Guardia Zibilak 16 lagun atxilotu zituen. 12 abokatu eta beste lau hiritar. Azken lau hauetatik hiru, Fran Balda, Javier Carballido eta Jon MIntegiaga espetxeratu egin ditu espainiar Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak.