Otsailaren 26an mobilizazio eguna deitu du IAk, unibertsitate graduen dekretuaren aurka
Ikasle Abertzaleek mobilizazio eguna deitu dute heldu den otsailaren 26rako, Gobernu espainolak unibertsitate graduak hiru urtera murriztu eta graduondoak bi urtera luzatzeko onartu berri duen dekretuaren aurka eta hezkuntza propioa aldarrikatzeko.
Gobernu espainolak unibertsitate graduak lau urtetik hiru urtera murrizteko eta graduondoak urte batetik bira luzatzeko aukera aurreikusten duen dekretua onartu zuen joan zen ostiralean. Erabakiak kritika ugari eragin zituen, tartean Estatuko unibertsitateetako errektore gehienen gaitzespena.
Ikasle Abertzaleak (IA) erakundea ere oso kritiko agertu da PPren Gobernuarekin eta dekretu hori ezartzeak ekarriko dituen ondorioez ohartarazi du. Agiri batean salatu duenez, graduen balioaren debaluazioa izango da ondorio zuzenetako bat. «Hiru urteko graduan, gaur egun jasotzen duguna baino oraindik formakuntza maila apalagoa eskainiko da, edota material bera kontzentrazio maila askoz handiagoarekin. Ondorioz, graduaz gain graduondokoa egitea beharrezkoa izango da gure burua lan merkatuan saltzen saiatzean lan duin bat lortzeko aukera izateko», adierazi du.
Prezioen garestitzea
Horrekin batera, prezioen igoera zuzena ekarriko duela uste du, izan ere, graduen prezioa igo egin da azken urteotan eta graduondoena are handiagoa da. «Ikasleriaren zati oso txiki batek egiten du graduondoko bat. Graduen urte bat kenduta, eta graduondokoei gehituta, urte kopuru berdinak prezio askoz altuagoa izango du», ohartarazi du.
Prezioen garestitzeak eragingo duen beste ondorioetako bat, IAren iritziz, zera da: «graduondokoa ordaintzeko beharrezkoa izango den dirua lortzeko bankuen beka-maileguak ugarituko dira, ikasleon etorkizuna hipotekatuz», eta masterretan enpresek duten «presentzia eta eragiteko gaitasuna» handitu egingo da, graduak urtebete galdu eta graduondokoek bat irabazita.
Bestalde, unibertsitateen arteko desberdintasunak handitu egingo direla ohartarazi du IAk, bakoitzak bere graduaren iraupena erabakitzen badu. «Enpresek eta espainiar Estatuak 3+2 eredudun unibertsitateak bultzatuko dituztenez, besteak baliabiderik gabe ez geratzeko eta Europako goi hezkuntza esparruan ‘lehiatu ahal izateko’ euren burua 3+2 eredua ezartzera derrigortua ikusiko dute», dio oharrean.
IAren aburuz, erreforma hau ez da «inolaz ere inprobisatua, baizik eta «EU2015 estrategiak ezarritako pribatizazio eta merkantilizaziorako bideari erantzuten dio» eta «beste zerbitzu publiko batzuetan egiten ari diren egiturazko erreformen bide bera jarraitzen du».
Horregatik uste du ez dela nahikoa dekretu zehatzak gelditzearen alde borrokatzea, baizik eta «borroka molde ohikoez gain, herritik eta herriaren mesedera dauden hezkuntza proiektuak praktikara eramatea» beharrezkotzat jotzen du.
Ildo horretan, Gobernu espainolaren erabakia salatzeko eta Euskal Herrian «gure eredu propioa eraikitzeko» otsailaren 26an mobilizazio eguna antolatu du IAk