Oztibarreko ikastola
Ez da erraza euskararen egoera Ipar Euskal Herrian. Ofizialtasunik ez du, hedabideetan presentzia gutxi, familia barneko transmisioa eten egin da etxe askotan… Ikastolak dira euskara salbatzeko tresna nagusia, eraginkorrena. Gogor ari dira lanean, kostaldean bezala barnealdean, Aministrazioaren aldetik laguntza gutxi jasoz, trabak ez direnean, azken aldi honetan Ziburun ikusten ari garen bezala. Larre motzean ohitutako ikastola bat bisitatu du NAIZek, Nafarroa Behereko Oztibarrekoa, eta irakasleek eta gurasoek elkar hartuta zer nolako indarrarekin egiten duten lan ikusi dugu bertatik bertara.
Larzabale herrian dago Oztibarreko ikastola, Donibane Garazitik hamasei kilometrora, Zuberoako mugatik hurbil. Lau irakasle ari dira bertan, Mirentxu, Martta, Amaia eta Patricia, baina horietatik bi soilik ari dira denbora osoz, beste biak denbora partzialez soilik. Ikasleak 56 dira, hirutik hamar urtera artekoak, Oztibarreko hamabi herrietakoak gehienak, baina badira Garazi eta Amikuzekoak ere, hala nola Zuberoakoak. Laborantza da eskualde berde honetako lanbide nagusia, eta ikasleetako asko laborarien seme-alabak dira, baina duela hamar urterekin konparatuz gero badago aldaketarik: orduan askoz gehiago ziren bai aita eta bai ama laborariak zituztenak. Etxeko hizkuntzari dagokionez, euskaraz natural aritzen diren gurasoak badaude, jakin arren gutxi erabiltzen dutenak ere bai, eta batere mintzo ez direnak ere bai. Beste eskola bat ere badago herrian, publikoa, euskarari astean hiru oren eskaintzen dizkiona.
Duela 24 urte sortu zen ikastola, sei ikaslerekin, Bunuzeko Intxauseta etxean. Eta ordudanik, ikastola guztietan bezala euskara eta euskaraz ikastea izanik helburu nagusia, jomuga horretara iristeko zenbait hautu garbi egin dituzte Oztibarreko eskolan, nolabait ere ezaugarri berezia ematen diotenak ikastola honi. Toka eta nokaren erabilera sustatzea da adierazgarriena, dudarik gabe, baina ikastolaren eta gurasoen arteko komunikazio eredua ere azpimarratzekoa da, baita umeen izen-deiturei emandako tratamendua ere.
Azkenekotik hasiko gara, ikastolaren zuzendari den Mirentxu Lakoren eskutik. Jolas ordua da eta pilotalekura irtenak dira umeak. Batzuk pilotan ari dira, beste batzuk baloiarekin, baina denak euskaraz. «Gelara aurreneko aldiz sartzen diren egunean izen ttipia galdegiten diegu, hau da, Gillen, Oihana edo dena delakoa, eta etxearen izena. Deitura, Administraziorako paperetan baino ez dugu jartzen; hortik aurrera, ahantzi egiten dugu praktikan. Etxeberriko Mattin edo Laura Plazagain, hala dira guretzat, anai-arreba guztiak, eta hala gara gu ere haientzat». Bideoa grabatzeko orduan jabetu gara ohitura hori erabat hedatua dagoela umeen artean, bakoitzari bere izena esateko eskatu diogunean izen propioarekin eta etxearen izenarekin erantzun baitute.
Beste erabaki esanguratsu bat ikastolak gurasoekin dauzkan harremanetan erabilitako hizkuntzarena da. Euskara sustatzea da helburu kasu honetan ere, baina eskolatik kanpo oraingoan, ikasleen aita-amengan alegia. Burasoetako bat euskalduna bada, eskolako komunikazio guztiak –gutunak, emailak…– euskaraz soilik iritsiko dira etxe horretara. «Ez da beti erraz onartua jokaera hau» aitortzen du Mirentxuk «baina erraiten ahal dugu fruitua ematen duela. Sistematikoki bi hizkuntzetan banatuko bagenu, jakina, frantsesez irakurtzeko joera litzateke nagusia. Baina gure jokaera honekin lortzen ari gara ttipitan euskara pixkat ikasi zutenek emeki emeki ‘egunon’ erraiten hastea, eta gero hiru hitz lotzen, eta haurrek 6-7 urte dituztelarik erabat euskaldundu diren burasoak badira. Ez bakarrik horrik esker, baina bultzada handia da» dio irakasleak. Eta bi aitamak erdaldun direnen familietara testuak euskaraz eta frantsesez helarazten dizkiete, euskarazko partea letra haundiz eta frantsesezkoa idazkera ttipiz.
Toka eta noka
Bukatu da jolas ordua eta gelan dira berriro ikasleak, oinetakoak aldatuta. «Sartu hadi gelara, otoi» edo «bukatu al den kaierra?» entzuten da, Amaia irakaslearen ahotik. Hika, edo hobeto esanda, toka eta noka ari da. Eta hauxe da Oztibarreko ikastolaren ezaugarri nagusia, bai bederen Hegoaldeko batentzat. Ez da irakasle honen hautu pertsonala, baizik eta eskola egitasmoaren ardatzetako bat. Euskal Herriko beste toki askotan bezala, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere galtzen ari da toka-noka moldea, eta hori mingarri gertatzen da hizkuntza maite duenarentzat. Mirentxu Lakok ondo du gogoan ume garaitan nola mintzatzen ziren elkarri toka-noka herriotako biztanleak, egun ez bezala. Zuberoan, esaterako, toka moldeak soilik irauten du.
Bada, egoera hau iraultzeko asmotan, ttipi ttipitatik zuzentzen zaizkie mutilei toka eta neskei noka irakasleak. Taldean daudenean ezin, eta orduan xuka euskalkian hitz egiten diete. Gramatika ere xuka irakasten diete. Ez du ematen berebiziko zailtasunik izan behar duenik horrela jokatzeak, baina besterik da idatziz aritzean. Hau da, ikastolara heltzen den material guztia egokitu beharra daukate irakasleek tokara eta nokara, ezin baitute baliatu argitaratua den bezala. Zortzi-bederatzi urte dituztenean trantsizioa egiten hasten dira, Manex Erdozaintzi Etxart kolegiorat joan aintzina, liburuak dauden daudenean irakurtzen-eta.
Gurasoak zerbitzari, garbitzaile...
Iritsi da bazkaltzeko ordua. Irakaslea buru dutelarik, euripean lasai asko doaz umeak, eskutik helduta, ondoko jangelara. Anjele sukaldari zuberotarrak gozo asko hartzen ditu hemen. Egunero ume bati tokatzen zaio mahai-zapiak banatzea beste haurren artean. Eta gurasoek zerbitzatzen dituzte jakiak, baita ume txikienei haragia mozten lagundu ere, adibidez. Mirentxu Deba magisteritza ikasle gipuzkoarrak hilabete darama Larzabalen praktikak egiten, eta txundituta dago gurasoen jarrerarekin, baita ikastolako kide guztien inplikazio mailarekin ere. «Eta umeak gelatik kanpo ere euskaraz aritzen direla entzuteak, horrek ere atentzioa ematen dit», dio.
Merezi dute aipamena gurasoek, bai. Ezinbestekoak dira ikastolaren funtzionatzeko. Hasteko, hilero hilero kuota ordaintzen dute, D eredukoa eskola pribatua kontsideratzen baita Nafarroa Beherean. Gelen eta eraikinaren garbiketa ere gurasoek egiten dute, txandaka, hiru familiak astero. Jangelako zeregina ere aipatu dugu. Gainera, guraso elkartea osatzen dute; honen zeregin nagusia, dirua bilatzea, harrien azpian izango bada ere. Batean taloak salduko dituzte, beste batean jaialdiak antolatuko… «Ez da erraza –diosku gaur sukaldean ari den aitak– Oztibarren, ez dugulako jende anitz biltzen duten ikuskizun horietakorik, ez pastoralik Zuberoan bezala. Ezta pilota partidarik udan, Donapaleun edo Garazin dituzten bezalakoak. Ezin horietara guztietara txertatu gure taloak saltzeko… Beraz, geuk asmatu behar ditugu ekitaldiak, hutsetik hasita. Arazo handia da, dirua irabazi beharrean galtzeko arriskua dagoelako».
Hurbileko Administrazioaren aldetik ere laguntza handirik ezin espero. Batetik, Oztibarreko herriko etxeek ez daukate eskumen zabalik, eta bestetik, sosik ere asko ez. Gero, jarrera kontua dago. Batzuek diru kopuru berbera ematen diete ikastolako, eskola publikoko eta eskola katolikoko ikasleei; beste batzuek erabat ukatzen dizkiote laguntzak ikastolari, herritik kanpora joaten diren aitzakiarekin. Ikastolaren egungo egoitza, Larzabaleko hau, 2007an inaguratu zuten, aurrez urte luzez diru bilketan aritu ondoren. Izan ziren kantaldiak, bertso saioak, Pirritx eta Porrotxeren emanaldiak, Udalbiltzaren laguntza ere bai… denen artean zutitu zuten eraikina. Orain Oztibarreko euskaldun hauek, larre motzean ohitutako hauek, dira eguneroko bizitza ematen diotenak.