INFO

Estatu frantsesean geratzeko debekua berretsi diote Oier Oari

Pariseko epaitegiak ez du onartu Oier Oa euskal presoak Estatu frantsesean geratzeko duen debekua bertan behera uztea. Donostiarrak datozen asteetan bukatuko du bere espetxe zigorra baina auzitegi frantsesak Madrilek eskatu zuen euroagindua errefusatu zuenez, litekeena da konfinatua izatea.


Iazko ekainean ETAko kide izategatik lau urteko espetxe zigorra eta lurralde frantsesean geratzeko behin betiko debekua jaso zuen Oier Oak. Ipar Euskal Herrian bizi zela eta bere familia ere han duela argudiatuta, debekuaren kontrako helegitea jarri zuen. Pariseko Dei-auzitegiak urtarrilaren 8an aztertu zuen euskal presoaren eskaera eta gaur jakinarazi du bere deliberoa. Hala, auzitegiak ez du helegitea aintzat hartu eta, beraz, Estatu frantsesean ezingo du geratu.

Alta, Segiko kide izateagatik Madrilek eskatu zuen euroagindua onartu ez zitzaionez, bere abokatu Xantiana Cachenautek adierazi duenez, ezin dute espultsatu baina, «beste kasu batzuetan gertatu bezala, seguru asko herrialde frantses batean konfinatuko dute».