Nazio aitortzak estatua behar duela aldarrikatuko du Aberri Egunean Independentistak sareak
Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egin die Independentistak sareak euskal herritarrei, apirilaren 5ean egun osoko egitaraua izango da eta eguerdirako deitu du ekimen nagusia, manifestazioa eta ekitaldi politikoarekin. Sare independentistak Euskal Estatuaren aldarria egingo du, «edozein herriri nazioartean aitortua izateko estatu estatusa» eskatzen zaiolako.
Iruñean deitu du aurten ere Independentistak sareak Aberri Egunaren ospakizun nagusia eta bertaratzeko deia egin die euskal herritarrei ohar bidez. Egitarauaren zehaztapenak aurrerago emango badituzte ere, egun osoko egitaraua izango dela iragarri dute, eguerdian manifestazioa eta ekitaldi politikoa izango direla eta ondoren ospakizunak segida izango duela gauera arte.
Aberri Eguna Euskal Herriaren naziotasuna aitortu eta munduan bere tokia izan behar duela aldarrikatzeko eguna dela diote euren oharrean, eta aitortza horrek gaurko munduan, estatu estatusa eskatzen duela ezinbestean. «Ez du nazio izateak balio, inposatzen diguten estatuen mundu honetan» dio Sareak, «aitortuak izateko eta geure buruaren jabe izatkeo, nazio-estatuen pareko burujabetza estatusa lortzeko behintzat, aukera bakarra dugu: Euskal Estatua eraiki eta Euskal Errepublika independendientea aldarrikatzea».
Bide horretan, ordea, Aberri Egunean munduaren aurrean «herri gisa agertzea eskatzen du» Sarearen ustez eta «sigla edo familia politikoetatik harago, euskal herritarrok elkarturik ospatzeko eguna da».
Iruñeko topagune nagusiaz gain diasporan ere izango diren ospakizunak gogoratu ditu Independentistak Sareak bere oharrean eta horietan parte hartzeko deia egin du.