INFO
Entrevista
LEONIE AGUERGARAY
EH Bai-ko hautagaia euskal mendialdean

«Pauen ere Euskal Herriaren hitza entzunarazi behar dugu»

Muskildiko auzapeza izateaz gain, Xiberoako herri elkargoan lehendakariordea da osasun eta gizarte sailean. 42 urtez etxeetan gaixoen eta adinekoen laguntzarako zerbitzuak antolatzen aritu ostean, erretreta hartu du 63 urterekin. Haatik, oso aktibo jarraitzen du eta oraintxe bertan, departamenduko bozetan murgilduta dabil. Hautagai abertzaleen artean hautatua izateko aukera aurreikusten diote.


Nola doa kanpaina?

Militante askorekin ari gara lanean Mendialdeko kantonamenduan. Jakina, nirekin batera aurkezten den Antton Curutcharry Baigorriko auzapezordea (37 urte, irakaslea), eta gure ordezkoak, Rose Biscay Ahatsako auzapezordea (54 urte, erizaina izandakoa eta baratzezain bihurtua) eta Beñat Elkegaray Mauleko zinegotzia (41 urte, industria ingeniaria eta enpresaria) ere denak ari gara buru-belarri lanean. Gizarteko esparru asko ordezkatzen ditu gure ekipo honek: laborantza, gazteak, irakaskuntza mundua, industria, erretiratuak...

Hautaketa sistema aldatu da, kantonamenduen banaketa berria da... jendeak interesa badu boz hauetan?

Oraingoan ez gara ari herriz herri edo tokian toki kanpaina bulegoak zabaltzen. Nahiago izan dugu zuzenean herritarren eguneroko arrangurei lotutako biltzarrak egitea Maulen, Donibane Garazin, Atharratzen edota Baigorrin. Esaterako, prekarietatearen aurrean eta arlo sozialean Departamenduak zer egin beharko lukeen aipatu dugu mahai-inguru batean; beste batean herri elkargo bakoitzaren ekarpena zein izango litzatekeen Euskal Herriko barnealderako. Baigorrin, adibidez, artisau eta gremioen beharrei buruz aritu ginen eta beste mahai-inguru handia arlo sozialeko gaiez egin dugu. Aldi bakoitzean 30 pertsona inguruk parte hartu dute, beraz, uste dut gure herrietan badela interesa. Gero, egiaz, nehork ez daki zer gertatuko den. Frantzia mailan, adibidez, esaten da abstentzio handia izango dela, eskuin muturra asko emendatuko dela. Aurreko hauteskundeetan Estatuan baino abstentzio gutxiago izan dugu hemen eta esperantza dut orain ere hala izango dela.

Beste gai orokorragoa ere baduzue tartean kanpaina honetan, Ipar Euskal Herriko aitortza instituzionalarena...

Ezker abertzaletik zinez indar handiz ari gara Ipar Euskal Herriarentzat lurralde kolektibitatearen eskakizuna lantzen, erakunde horrek eskuduntza eta diru-iturri anitz gehiago ekarriko bailiguke. Auzapezen %66k izenpetu zuten jada galde hori. Baina gobernuak ezezkoa eman du, eta orain, prefetaren bidez, erdibide bat-edo planteatu du Herri Elkargo bakar baten aukerarekin. Herriko etxeetako zinegotziek 2015eko bukaera baino lehen deliberatu behar dute alde diren edo ez. EH Baitik esan dugu: guk galdegiten duguna ez bada ere, har dezagun Herri Elkargoa lehen pauso bat bezala, ahantzi gabe Lurralde Kolektibitatea dela gure helburua. «Herrian lan, bizi eta erabaki» da gure kanpainaren leloa eta hori da lortu behar duguna, zeren orain eskualdeak [erregioak] zinez indartsuagoak izango dira. Akitania, Limousin eta Charente baturik alimaleko eskualdea izango da eta betidanik herritarrekin egin dugun elkarlana eta hegoaldearekin egin behar dugun lana da gure aberastasuna. Beraz, hori oso argi daukagu, ez da Lurralde Kolektibitatea, baina bide horretan Herri Elkargoaren alde behar dugu denok lan egin.

Boz emaileak ulertzen du hori?

Oso gai berezia da eta hauteskunde hauek lur oso mugikorretan igarotzen dira. Mementoan ez dakigu oraindik Departamenduak zer gaitasun galduko dituen, zeintzuk joango diren eskualdera edo herri elkargoetara... Dakiguna da eskualde handi horren baitan, Herri Elkargo bakar batek Ipar Euskal Herria indartuko lukeela. Hori argi da. Gero jendeak ulertzen duen edo ez, galdera ikur handi bat da hori.

Zure ustez, FNk zer egingo du Ipar Euskal Herrian eta zehazki zuen kantonamenduan?

Egiazki esperantza dut jendeak herritar kontzientzia duela bazter eskuinak zabaltzen dituen ideia bortitz horiei buruz. Abertzaleok ideia horien oso kontrakoak gara. Betidanik integratu ditugu hemen izan bestaldeko errepublikanoak, izan zurgintzan edo oihanetara lanera jin ziren italiarrak edota Bearnotik hona etorritakoak. Uste dut euskaldunok izpiritu zabalekoak garela eta ez direla nehoren etsaiak. Horregatik dut esperantza euskal gizarteak kontzientzia hori baduela. Euskaldun fededun esaten da, eta nik espero dut jendeak konprenituko duela jendea baztertzeko ideia horiek biziki bortitzak direla eta gizartearentzat oso ezkorra litzatekeela ideia horiek nagusitzea.

Ikusten duzu aukerarik zuen bikotea hautatua suertatzeko?

Ez dakit. Gure lana da kanpaina on bat egitea eta herritarrei esanez, aski dela, mundua diruak baizik ez duela kudeatzean eta gure eskualdea galtzaile dela aspalditik. Deszentralizazio legeek ez dute deus egin. Desertifikazio gune gara medikuntzan, demografian... beti gauza bera. Espero dut Paueko Kontseiluan EH Baiko kontseilariek, kopurua edozein izanik ere (ahalik eta gehien, jakina), Euskal Herriko boza entzunaraziko dutela, eta ez han soilik. Mendialdean izugarrizko elkarlana abiatu dugu eta horrekin jarraitu behar dugu. Beraz, hautatuak izateko zer aukera ditugun igande arratsean ikusiko dugu.