INFO

Bidaxune: Zentro-eskuina eta EH Bai, bigarren itzulira

Bidaxuneko kantonamenduan zentro-eskuineko aliantza (Jean Jacques Lasserre eta A.M. Bruthe) eta EH Bai (Xabi Larralde eta Anita Lopepe) pasako dira bigarren itzulira. Abertzale eta sozialisten arteko lehia oso estua izan da.

Jean-Jacques Lasserre, botoa ematen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bidaxune-Amikuze-Oztibarre biltzen dituen kantonamendua izan da goiztiarrenetako bat behin betiko emaitzak izaten. Zentro-eskuinak osatutako aliantzak eta abertzaleak izango dira bigarren itzulira pasako diren indar politikoak.

Jean-Jacques Lasserre MoDem alderdiko lehendakaria eta egungo Hautetsien Kontseiluko presidenteak eta Anne Marie Bruthek osatutako bikotea eta Xabi Larralde eta Anita Lopepe abertzaleak lehiatuko dira heldu den igandean, hain zuzen ere. Lehenak gertu izan dira zuzenean Departamenduko Kontseiluan aulkia eskuratzetik, botoen %47,48 jaso baitute. Abertzaleek, berriz, %20,83ko babesarekin PS eta aliatuen bikoteari (Sauveur Bacho eta Veronique Robert) gailendu zaizkio, justu-justu bada ere (%20,11 lortu dute azken horiek).

Fronte Nazionala izan da laugarren indarra, bozen %11,57rekin.