Emakumeek telesailetan duten rola aztertu du Txalapartak
‘Vírgenes catódicas. Putas recalcitrantes’ izenpean telesailetan eman ohi den emakumearen irudiaz eta genero harremanez hausnartu dute Iratxe Fresnedak, Irati Jimenezek, Katixa Agirrek, Josebe Iturriozek eta Itziar Zigak. Argitalpenak Lolo Ricoren hitzaurrea darama.
Egileek ‘The X-Files’, ‘Sex in The City’, ‘Mad Men’, ‘Forbrydelsen’ edota ‘Buffy the Vampire Slayer’ gisako telesailetan emakumeez ematen den irudia, hartzen duten rola eta ematen diren genero harremanak aztertu dituzte, feminismorako hurbilketa eginez.
«Telesailak guztiz ideologizatuta eta politizatuta daude, ezaugarri zehatz batzuk dituzten mutilen gustuko izateko ezaugarri zehatz batzuk izan behar dituzten emakumeak eraikitzen dituzte, telesailak gizon-emakumeak eraikitzeko ere egiten direlako», azaldu du liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan Ricok.
Estilo teoriko batean, Iturriozek ‘Buffy the Vampire Slayer’ telesaileko pertsonaia nagusiaren gaineko irakurketa transfeminista egiten du eta Zigak, bere aldetik, aldi berean maite eta gorrotu duen ‘Sex in The City’ hartu du begian. Zigak telesailek emakumeak beldurtu, mugatu edota sexualki erreprimitzeko ahalmena izan dezaketela uste du eta, zentzu horretan, ulergaitzat jotzen du askatasun sexuala banderatzat daraman telesail batean «lau emakumetatik hiruk gizonen aurrean orgasmo bajinalak dituztenaren itxurak egitea».
Jimenezek liburua «kontzientzia ariketa bat» dela nabarmendu eta telesailak ikuspegia aldatuz egiteko gonbita luzatu du: «‘Sex and the City’ ikustea, adibidez, askoz ere dibertigarriagoa da telesailen analisia egin eta beste era batera berrantolatzen badugu. Eta ez hori bakarrik: halako irakurketak egiten baditugu errazagoa da hurrengo telesailak ‘MacGyver’ berriak ez izatea, denerako balio duen mutila eta ‘kontuz ibili’ soilk esaten duen emakumea irudikatzen dituena».