INFO

Hainbat sindikatuk lan istripuekin bukatzea exijitu dute Iruñean

Atzo Funesen gertatutako istripuaren harira, non bi pertsona zendu ziren, LAB, ELA, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek alderdi politikoei eskatu diete lan istripuekin amaitzea. Elkarretaratzea burutu dute «prekarietatea hiltzailea», lemapean.

Funeseko langileen heriotzen aurrean protesta Iruñean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

LAB, ELA, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek elkarretaratze bat burutu dute Iruñean, Nafarroako Gobernuaren lan sailaren egoitzaren aurrean. Bertan ‘Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea’ lemapean lan istripuekin amaitzeko neurriak hartzea exijitu diete politikariei.

Hasteko elkartasuna adierazi nahi izan diete zendutako bi langileen senideei. Nafarroan LABen bozeramaile den Igor Arroyok nabarmendu egi ndu «erantzukizun politikoak dituzten alderdi politikoak» daudela istripu hauen atzean.

Era berean, azpimarratu egin du Nafarroan zein espainiar Estatuan bikoiztu egiten dela istripu kopurua, Europarekin alderatuz. Arazo honi «hauteskun kanpainatik kanpo ere» garrantzia emateko eskatu du Arroyok.

Bestetik, Mitxel Lakuntzak, ELAko ordezkaria Nafarroan, gogora ekarri du hilabete eta erdian bost langile zendu direla herrialdean. «Lan merkatuaren prekarietatea borrokatzen ez bada, gutxi egiten ari gara arrisku horien kontra», adierazi du. Hau dela-eta, erantzukizunak amaiera arte eramatea eskatu dute.