INFO

Ostegunean hasiko da Periko Solabarria, Salegi eta Ernaiko 7 kideren aurkako epaiketa

Ernaiko zazpi kide, Periko Solabarria eta topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetaria epaituko dituzte ostegunetik aurrera espainiar Entzutegi Nazionalean, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Horren aurrean, hainbat mobilizazio deitu dira.

Agerraldia egin dute Barakaldon epaiketa salatzeko eta manifestazioa deitzeko. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ostegunean hasiko da espainiar Entzutegi Nazionalean Periko Solabarria, Topatu.info-ko kazetaria den Iraitz Salegi eta Ernai gazte antolakundeko zazpi gazteren aurkako epaiketa. «Terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.

Gazte antolakundeko kideak Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno dira. Honen aurrean, Barakaldoko Libre! ekimenak prentsaurrekoa egin du gaur, eta ostegunerako manifestaldia deitu du. Mobilizazioa 20:00ean abiatuko da Bide Onera plazatik.

2013an ospatutako Ernai gazte antolakundearen jaiotza ekitaldiaren harira izango dira epaituak. Hasiera batean hiru ziren topatu.info webguneko kazetari inputatuak, baina azkenean Salegiren gaineko inputazioa soilik mantendu zuten.

Kasu honen aurrean, ‘Kazetaritza ez da delitua’ ekimena jarri zuten martxan eta 468 kazetaritza ikasle, kazetari eta argazkilari sinatu dute, 93 hedabide desberdinetakoak.

Barakaldon egingo den manifestaldiaz gain, bihar, Soraluzen, 19:00ean elkarretaratzea burutuko dute plaza zaharrean, eta ostegunean, Gasteizen, 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazan.