INFO

Bake prozesuan inplikatzeko eskatu dio EH Baik Parisi

Biarritzen izandako polizia operazioa ez da «kasualitatea» izan EH Bairentzat eta, horregatik, «operazio miserableak» alde batera utzi eta bake prozesuan inplikatzeko deia egin diote Estatu frantsesari.

Anita Lopepe eta Jakes Bortairuren agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

«Biarritzeko operazioa ez da kasualitatea izan», adierazi du EH Baiko Anita Lopepek. Polizia judizial frantsesak eta Guardia zibilak burututako operazioaren harira, alderdi abertzaleak ondorioztatu du Parisko Gobernuak ez duela «bake prozesuan inplikatu nahi».

EH Baik «ETAren kontrako operazioa» martxan dagoen bake prozesuaren testuinguruan gauzatu dela nabarmendu du. «Estatu frantsesak eta espainiarrak betiko bidetik bukatu nahi dute ETArekin. Ezinezkoa da. Bide horiek ez dute arrakastarik», azpimarratu du Lopepek, Kazetak berri eman du duenez.

Alderdi abertzaleak ETAren desarmatzea martxan dela eta aurrera doala adierazi du. «Armagabetzea frogatzen dituzten ekintza zehatzak egin dituzte; horien artean Nazioarteko Egiaztatzaileen komitearekin egindako bilkura», gaineratu du Anita Lopepek.

Jakes Bortairuk bake prozesuan eragina duten Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialak gertakizunen inguruko irakurketa publikoa egitera gonbidatu ditu. «Estatu frantsesak errepresioa eta operazio miserableak alde batera utzi behar ditu. Aieteko deklarazioan argitaratu ziren pausuak segituz, bake prozesuan inplikatu behar da», esan du Bortairuk.