Erabakia ehuntzeko, Baionako ekimenetan parte hartzeko deia egin du Gure Esku Dagok
Ipar Euskal Herriko Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 21ean herritarren borondateak irudikatuko dituen Baionako ekimenetan parte hartzera gonbidatu du. Nabarmendu dutenez, ekimenak etorkizunerako eztabaidetan erabakitzeko eskubidearen bidea irekiko du hitzorduak.
Berriki Ipar Euskal Herrian sendotu den Gure Esku Dago dinamikak orain arte egindako lana azaltzeaz gain, ekainaren 21ean Baionan iraganen den ekimena aurkeztu du, Kazetak berri eman duenez. Mugimenduaren iritziz, herritarren erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena sinbolizatuko duen egunak, etorkizunerako «bidea irekiko du».
Dinamika herritarrak Ipar Euskal Herrian bere ibilbidea duela gutxi hasi zuen arren, dagoeneko dozenaka herrietan lantaldeak antolatu dira eta iragan asteburuan 400 bat pertsonek mugimenduaren aldarrikapenarekin bat egin dute: erabakitzeko eskubidea.
«Euskal Herria herri bat izanki, herritarrek herriaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea dute», adierazi du Gure Esku Dago Dinamikako kidea den Intza Ostolazak. Esan duenaren arabera, Gure Esku Dago «ez da talde politiko bat, baizik eta mugimendu zibila da». «Onartzen du Euskal Herria herri bat dela eta herria izanki, etorkizuna deliberatzeko eskubidea dugu. Herritarrek protagonismoa dugu; zeresana dugu», gaineratu du.
Dinamikako kideak «Euskal Herria zabala dela eta errealitate ezberdinak dituela» adierazi du eta horregatik lurralde bakoitzean problematika ezberdinak daude. «Ipar Euskal Herrian lurralde kolektibitatearen eztabaida bizirik dago eta herritarren parte hartzea gabe ezinezkoa da erabakitzea», adierazi du.
Ekimen herritarra
Euskal Herriko bost hiriburuetan ekainaren 21ean Gure Esku Dagok oihalekin sortutako hautestontzi erraldoien bidez, herritarren erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena sinbolizatuko du.
Baionan, ekimena 10.30ean herriko etxean hasiko da. «Oihal bakoitzak norbanakoaren izaera, sentimenduak eta aldarrikapenak irudikatuko ditu. Erabakia ehuntzeko, guztiek gure oihalak elkar josiko ditugu», nabarmendu du Ostolazak.
11.00ak inguruan partaideak oihal kate bat eginez, Errobi bazterretik errugbi zelaira hurbilduko dira. Ondoren, bertsolariek, kantariek eta musikariek ekimena alaituko dute eta herritarren aldarrikapenak bilduko dituzten hautestontzi erraldoiak oihalekin sortuko dituzte.
Halaber, antolatzaileek oihalik ez duenak herriko etxean eskuratzen ahalko dituela argitu dute. «Ez dugu ekimen ikusgarri bat egin nahi, baizik eta herritarrak bilduko dituen elkarretaratzea antolatu nahi dugu», argitu du Iban Thicoipe partaideak. Ekainaren 21eko hitzorduak «eztabaidak sortzeko» bidea irekiko duela uste dute. «Hemendik goiti, eztabaida hori hausnartzeko parada aztertu beharko dugu», azaldu du Intza Ostolazak.