INFO

Gabiltza martxan jarri dute, emakume adituen biltoki izan eta hauen lana zabaltzeko asmoz

Gabiltza, emakume adituen biltoki digitala aurkeztu dute Andoainen. Komunikabideetan emakume «adituen» presentzia urria dela-eta, emakumeek arlo desberdinetan hitza hartzea beharrezkotzat ulertu dute, eta hau izango da datu base honen helburu nagusia.


Komunikabideetan emakumeen presentzia indartzea du jomuga gaur Andoainen aurkeztu duten Gabiltza, emakume adituen biltoki digitalak. Presentzia hau oso txikia dela ulertzen dute, eta hau iraultzeko lanean ari dira: «Hutsune handi bat dagoela ikusi dugu. Adituak edo elkarrizketatuak gehiengo handi batean gizonezkoak dira», azaldu du Eider Olazarrek, proiektuko kideetako batek.

Honi aurre egin asmoz, hainbat emakumeren esperientzia eta jakituria biltzen ahaleginduko dira. Oraingoz 115 bat aditu dituztela adierazi du Olazarrek eta zerrenda hau osatzen eta zabaltzen jarraituko dutela argitu. Honela ekamumeak bildu eta hauei hitza emango diete.

Aditu eta arituak nahi ditu proiektuak. «Komunikabideetan bere iritzia edo jakituria zabaltzeko prest dagoen emakume oro da ongi etorria», argitu dute.

Biltoki digitalak hainbat emakumeren lanak eta esperientziak bilduko ditu eta datu base hau eskuragarri izanen da. Hala ere, tresna bat izatetik haratago, gizartea sentsibilizatzean ere jardun nahi du proiektuak. «Tresnak berak ez du inolako zentzurik bestelako lanketa bat egiten ez bada», azaltzen du Oihana Etxebarrietak, proiektuko beste kideetako batek GAUR8n egindako elkarrizketa batean.

Hau dela-eta deia egin nahi izan diete hedabideei, tresna erabili eta lanketa horretan laguntzeko. «Ikusezina izan den kolektibo bat plaza publikora atera nahi dugu», azaldu dute. «Konpromisoa azaltzearekin ez da nahikoa», gehitu dute.

Datu basearen parte bat denon eskuragarri izango da, baina beste batzuk eskuratu ahal izateko eskari bat luzatuko beharko da. Era berean, norberak datu edo lanen bat partekatu nahi izatekotan eskaria egin, izena eman eta bertan plazaratzeko aukera izango du.