Ana Otadui (EAJ) izendatu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente
Aurreneko botazioan gehiengo osoa lortuta, Ana Otadui jeltzalea izendatu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiaren presidentea. Harekin batera bi lehendakariorde aukeratu dituzte: PSEko Begoña Gil eta EH Bilduko Joseba Gezuraga.
Gernikan burutu den osoko bilkuran eratu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiak eta, lehen hitzordu horretan aukeratu dituzte mahaiko kideak.
Ana Otadui jeltzalea gehiengo osoarekin aukeratu dute Batzar Nagusietako presidente, EAJ eta PSEko kideen botoekin. Bi boto baliogabe jo dituzte eta gainerako alderdiek, EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk, zuriz bozkatu dute (21).
Lehen lehendakariordea Begoña Gil (PSE) izango da, 30 boto bilduta, aipatu bi alderdien akordioari esker.
Bigarren lehendakariordea EH Bilduko Joseba Gezuraga izango da, EH Bildu eta Ahal Duguren botoekin.
Azkenik, Koldo Mediavilla (EAJ) eta Elsa Pamparacuatrok (Ahal Dugu) osatzen dute mahaia.
PP da mahaian ordezkaritzarik gabe gelditu den alderdi bakarra.