INFO

Kontseiluak hizkuntza politiken aldaketen beharra gogorarazi dio nafar Gobernu berriari

Eratzeko prozesuan dagoen nafar Gobernu berriari hizkuntza politikan aldaketen beharra nabarmendu du Kontseiluak. Zentzu honetan, Nafarroan eman den aldaketan «euskararen inguruko kezkak» izan duen garrantzia azpimarratu du.

Kontseiluko Paul Bilbaok Iruñean egin duen agerraldia. (KONTSEILUA)

Kontseiluak osatzeko lanetan ari den Nafarroako Gobernuari hizkuntza politiken aldaketaren beharra gogorarazi dio. Iruñean egindako agerraldian, Paul Bilbao idazkari nagusiak aldaketa herritarrei esker izan dela posible azpimarratu du. «Herritarrok motibazio desberdinak izan ditugu aldaketa eskatzeko garaian eta horien artean euskararen inguruko kezka bereziki indartsua izan da aldaketa eragiteko unean».

Zentzu honetan, gogora ekarri du iragan apirilaren 25ean nafar hiriburuko Anaitasunan egindako ekitaldia. “Esan daiteke hizkuntza-politikan egiturazko aldaketak egin behar direla. Gobernu berriak, aldaketaren gobernuak, hizkuntza politika berri bat jarri behar du abian», gaineratu du Bilbaok.

Orduan adierazi bezala, egiturazko lau bidek definitu behar dute hizkuntza politika berria Kontseiluaren ustez. Lehenik eta behin, Vascuencearen legetik euskararen legera jauzi egin behar da «euskararen normalizazioa eragozteko helburua izan duen erregimenaren arkitektura juridikoa errotik aldatzeko».

Bestetik, hizkuntza politika «planifikatua» eskatu diote osatzeke dagoen Gobernu berriari, «helburuak eta epe zehatzak ezarriz». Era berean, «bitarteko egokiak esleitu» beharra nabarmendu du.

«Azkenik, erregimenak eraiki dituen diskurtso eta ideia zitalak desegiteko lan intentsua egin behar du Gobernu berriak», erantsi du Kontseiluko idazkari nagusiak. «Euskara normalizatzea zeregin politikoa eta soziala da aldi berean eta egoki lan egiteko beharrezko zubiak eraiki behar dira. Kontseilua prest dago lan horri ekiteko», amaitu du.