Oiarbide: «Pausoak egin ahala herritarrak ohartu gara ez genekien gaitasunak ditugula»
Anjel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikaren bozeramaileak balorazio positiboa egin du atzokoaz eta «aspaldidanik desiatzen genuen sentimendu hori bizitzeko eguna» izan zela esan du. GARA eta NAIZi eskainitako elkarrizketan, dinamikak «ibilbide orri bat» markatu duela esan du.
Anjel Oiarbidek GARA eta NAIZi eskainitako elkarrizketan esan duenez, Gure Esku Dagok «ibilbide orri bat markatu du» eta luzea izango da, baina dagoeneko irudikatu da «herri honetan erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko bezala guztion topagune dela» eta urratsak egin ahala «gaur irudikatu duguna bihar errealitate bihurtuko dugula».
Izan ere, nabarmendu duenez, herritarrak konturatzen ari dira «pausoak eman eta ikusi ahala, ez genekien gaitasunak ditugula».
«Herritarrek hitza hartzea, adostea eta erabakitzea gauza normala izan behar du».
Oiarbideri egindako elkarrizeta osoa bihar argitaratuko du GARAk.
Aurrera begirako urratsak
Bestalde, Gure Esku Dagok epe motzera dituen asmoen berri eman du ohar batean. Datorren astean hileroko lurralde batzarrak egingo ditu; uztailaren 4an batzar horietan landutako balorazioak elkarbanatuko dituzte, eta data horretatik irailera bitartean landutako eztabaidak berriro nork bere herri eta auzoetan elkarbanatuko ditu, «aberastu, osatu eta adosteko».
Hortik aurrera, irailean eta dena ondo bidean, Gure Esku Dagok bere helburu nagusia betetzeko egin beharreko urratsak adostu eta martxan jarriko ditu.