INFO

Iruñeko udaletxearen aurrealdea morez argiztatuko dute uztailaren 7an, Nagore Laffage oroitzeko

Iruñeko udaletxearen aurrealdea kolore morez argiztatuko dute uztailaren 7an, Nagore Laffageren hilketa oroitzeko eta eraso sexisten aurkako ekimenak babesteko.

Nagore Laffageren omenezko antzezlana egin zuten Iruñean 2013an. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Lunes Lilas taldeko ordezkariak Iruñeko udal taldeekin bildu dira gaur goizean eta hainbat proposamen helarazi dizkiete Sanferminetarako. Horietako bat, udaletxearen aurrealdea kolore morez argiztatzea uztailaren 7an, Nagore Laffageren heriotza oroitzeko. Gazte irundarra 2008ko egun horretan hil zuen Jose Diego Yllanesek, itota.

Udalak onartu du eskaera hori eta, horretaz gain, uztailaren 5ean Gaztelu plazan egingo den elkarretaratzearekin ere bat egin du. Ekitaldi horretan Laffageren memoria, justizia eta erreparaziorako eskubidea aldarrikatuko dute eta jaietan eraso sexistarik izan ez dadin abian den kanpainari babesa adieraziko diote.

Helena Tabernaren ‘Nagore’ filma institutu eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan sustatzeko konpromisoa ere hartu du Iruñeko Udalak, eraso sexisten aurrean sentsibilizatzeko tresna gisa.

Joseba Asiron alkateak Lunes Lilas taldeko ordezkariei gonbita egin die, txupinazoaren egunean udaletxean egon daitezen.