Aurten ere Seaskako Etxepare lizeoko ikasle guztiek lortu dute Baxoa gainditzea
Seaskak ohar batean Etxepare Lizeoko ikasleak zoriondu ditu, denek Baxoa gainditu baitute. Ikastolen elkarteak azpimarratu du emaitza hauek garrantzitsuak direla, «etorkizunerako ongi prestatuak ateratzen diren seinale inportantea baita».
Azken urteetan bezala, aurten ere Baionako Etxepare Lizeoko ikasle guztiek Baxoa gainditzea lortu dute, %78ak mentzio bat lortuta. Emaitza hauek «sekulakoak» direla adierazi du Seaskak, baina bizi osoa euskaraz ikasi ondoren, ikasleek oraindik Baxoa frantsesez egin behar dutela salatu du, «gure zoriona ez da osoa izanen, ikasleek Baxoa osoki euskaraz egiteko ahala ukan arte».
Ikastolen elkarteak gogorarazi du euskaraz ikastea ez dela emaitzak hobetzeko xede bat, «baizik eta eskubide bat», eta hurrengo ikasturtean gutxienez Baxoko beste ikasgai bat euskaraz ere egiteko aukera izan behar dutela adierazi du, «bai ala bai».