INFO

Grazi Etxebehere atxilotuta eraman du Poliziak, bere etxea miatu ostean

Polizia frantsesak Grazi Etxebehere atxilotu du Ortzaizen, bere etxea miatu ondoren. Hasiera batean emakumea ez zegoen etxean eta Iruñetik iritsi ondoren eraman dute atxilo. Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea bere etxean zituela eta San Ferminetara joan behar zuenez Jef Mateo eta Terexa Lekunberri lagunei etxean hartzeko eskatu ziela argitu du, ardura osoa bere gain hartuz. «Desarmatu nahi duen talde bati lagundu» diola nabarmendu du, eta ez duela damurik. Bake prozesuaren aldeko konpromisoa aldarrikatu du.

Este navegador no soporta el elemento video.


Goizeko lehen orduan Ortzaizen Poliziaren presentzia nabarmena zela ohartarazi dute zenbait hedabide eta kazetarik. Grazi Etxebehereren etxerako sarbide guztiak moztu egin dituzte, baina emakumea etxean ez zegoenez, alkatearekin sartu dira eta egin dute miaketa. Iruñean zegoen Etxebehere eta gertatua jakin duenean Ortzaizera abiatu da; goizeko 10.00ak pasata iritsi da.

Bertan ziren komunikabideei adierazpenak egin eta Terexa Lekunberri eta Jef Mateoren askatasuna aldarrikatu ostean, bere etxera abiatu da baina poliziek ez diote baimenik eman bertan sartzeko. Kanpoan zain geratu da Etxebehere, sostengua adieraztera joan diren lagunekin batera, Kazeta.eus-ek kontatu duenez. 45 minutuz kanpoan atxiki ostean, 11.00etan, Etxebehereri etxera joateko eskatu diote eta ondoren atxilo eraman dute, miaketa bukatutzat emanez.

Ondotik, babesa adieraztera hurbildu direnak Grazi Etxebehereren etxera joan dira. Barnera sartu diren lekukotasunen arabera, lehen solairuan «dena hankaz gora» jarri dute eta «dena beltza» legoke, antza denez hatzak aurkitzeko produktuaren eraginez. Barne Ministerio espainolak ohar batean esan duenez, bi arma aurkitu dituzte etxean.

«Lagundu dut desarmatu nahi den talde bat»

Emakumeak atxilotu aurretik Euskal Irratiei adierazi dienez, bere etxean omen ziren Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea, herenegun atxilotuakoak, eta San Ferminetara joan behar zuenez, Jef Mateo eta Terexa Lekunberri lagunei eskatu omen zien bere etxean hartzeko. Haiek askatzeko eskatu du, ardura osoa bere gain hartuta.

«Desarmatu nahi duen talde bati» lagundu diola azaldu du emakumeak eta ez duela «dolurik», eta bake prozesua bururaino eramateko «militante bakoitza engaiatu» behar dela aldarrikatu du.

Retak, Goienetxeak, Mateok eta Lekunberrik Poliziaren esku jarraitzen dute, Baionako komisarian. Madrilen arabera, operazioak irekita jarraitzen du.

Gaur eta bihar arratsaldeko 19.00etan elkarretaratzea deitu dute Ortzaizen, atxiloketak salatzeko.