INFO

Parisera eraman dituzte Ortzaizen atxilotutako bost lagunak

Polizia frantsesak Ortzaizen burututako operazioan atxilotu dituzten bost lagunak Parisera eraman dituzte dagoeneko. Bertako epaitegietan, instrukzio epaile baten aitzinean pasatu beharko liratezke eta instrukzio bat irekiko litzaieke.

Protesta ugari izan da Ortzaizeko polizia operazioaren aurka. (Bob EDME)

Uztailaren 7an Polizia frantsesak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, Ortzaizen abian jarri zuen operazioan atxilotutakoak Parisera eraman dituzte dagoeneko.

Kazetak jakinarazi duenez, instrukzio epaile baten aurretik pasa beharko dute Iñaki Reta, Xabier Goienetxea, Jef Mateo, Terexa Lekunberri eta Grazi Etxebehere. Instrukzio bat irekiko litzaieke bost atxilotuei.

Atxilotuak Baionako komisaldegian izan dira Parisera eraman zituzten arte.

Operazioa abian jarri zenetik, herritarrek mobilizazioak egin dituzte egunero, «konponbidearen aldarrikapena» ozen oihukatzeko. Atzo, 500 lagun elkartu ziren Dahardun auzoan egindako ekimenean. Hitzorduak uztailaren 10a arte mantenduko dituzte eta bihar, larunbata, prentsaurreko bat eskainiko dute Ortzaizeko plazan.