INFO

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum berriak gaitasun komunikatiboa du xede

Helduen euskalduntzean HABEk homologatutako sareko euskaltegietan erabiliko den oinarrizko curriculum berriak Europako markoaren sei mailak definitzen ditu lehen aldiz: A1 (hasierako erabiltzailea), A2 (oinarrizko erabiltzailea), B1 (independentea), B2 (aurreratua), C1 (gaitua) eta C2 (aditua). Orain arte lau maila egon dira, B1etik gorakoak. A1 eta A2 sortuz, ikasleak motibatu, aitortu eta jendartean euskararen erabilera bultzatu nahi dute.

Joseba Erkizia, Cristina Uriarte eta Patxi Baztarrika, gaurko aurkezpenean. (ARGAZKI PRESS)

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak (HEOC), lehenbiziko aldiz, guztiz egokitzen ditu mailak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren sei mailetara: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. A1 eta A2 berriak dira eta hasierako eta oinarrizko erabiltzaileen euskara gaitasuna aitortzen dute.

Lakuako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Cristina Uriarte; Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Patxi Baztarrika; eta HABEko zuzendaria, Joseba Erkizia, bildu dira prentsaurrekoan aurrerantzean HABEk homologatutako euskaltegietan erabiliko duten oinarrizko curriculum berria aurkezteko. Honek euskararen irakaskuntzan ikasleen ikasteko prozesua gidatu behar duten helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluazio irizpideak definitzen ditu.

Uriartek azpimarratu duenez, curriculum honekin euskararen erabilera sustatzearekin batera doakotasunera hurbiltzeko helburua dute. Agertu duenez, euskaltegietan ikasi eta HABEren egiaztagiriren bat –edo baliokideren bat– eskuratzen duten ikasleentzat 700.000 euroko zuzeneko diru-laguntzak jarri zituzten 2013an, 800.000 2014an eta milioi bat euro aurten. Jakina, A1 eta A2 mailetara iristen diren ikasleek laguntza hauek jasoko dituzte.

Baztarrikak aurreratu du heldu den urtetik aitzinera A1, A2 eta B1 mailen agiriak lortzeko probak euskaltegietan bertan eginen direla. Hala, ikasketa prozesua eta ebaluaketa hurbiltzen ahaleginduko dira, bide beretik joan daitezen. Gainera, euskaltegien errekonozimendua ere handituko dute. «Herritarrak euskarara hurbildu nahi ditugu, obsesiboki hurbildu», adierazi du sailburuordeak.

EGAren inguruan

Kazetariek EGAren inguruan egunotan sortu den eztabaidaz galdetuta, Baztarrikak argitu du euskara jakitea=EGA ekuazioa erretiratu behar dugula. «Helburua ez da heldu guztiek goi maila hori lortzea, ezinezkoa da eta, gainera, eguneroko bizitzan ez dugu behar».

Halere, goi mailako azterketa hau gainditzen duten lagunen kopuru apalak kezkatzen dituela eta zenbakia handitu nahi dutela azaldu du, nahiz eta bilakaera ez den negatiboa, batzuek adierazi izan duten bezala. «2009tik 2012ra izan zen negatiboa. 2009an %26,1ek gainditu zuten EGA eta 2012an %21,48k. Baina 2014an 2009ko kopurua berreskuratu zen, %26,49».