Lau milioi siriar ihesean
Jada lau milioitik gora lagunek ihes egin behar izan dute Siriatik gerra dela-eta. Azken 25 urteotako marka guztiak hautsi ditu zifra horrek. Hala ohartarazi du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Krisialdi humanitarioaren larritasuna nabarmendu eta berehalako diru laguntza eskatu du, 5.000 milioi dolar, hain zuzen.
Iavrak 13 urte ditu. Gerra hasi aurretik Kobanen bizi zen. Ikasle ona zen. Kirola eta literatura, batez ere ingelesez idatziriko liburuak, atsegin zituen. Baina egun batetik bestera bere bizimodua errotik aldatu zen. Duela bost urte hasi zen gerraren ondorioz eskola eta etxea utzi behar izan zituen. Familiarekin batera, Turkiara ihes egin zuen. Egun, Turkian zabaldutako iheslarientzako esparru handienean bizi da.
«Etxean geunden. Leherketa ugari entzuten genituen. Hurrengo egunean, goizero egiten nuen bezala, eskolara joan nintzen. Lehergailu batek eraikina jo zuen gu sartzean. Izututa geunden. Eskolatik atera ginen guztiak eta egun horretan inor ere ez zen eskolara itzuli. Alde batetik, pozik nago orain jada beste herrialde batean bizi naizelako, baina, bestetik, triste nire etxea eta logela utzi behar izanagatik. Nire logela nire inspirazio txokoa zen. Orrazia hartu eta abestu egin ohi nuen. Gogorra izan da etxea uztea».
Ivra gaztearen hitzak dira. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jaso ditu Suruken iheslarientzako zabaldutako esparruan. Minutu bat pasa irauten duen bideo laburrean, zibilen eta, batez ere, adin txikikoen drama laburbiltzen da, bai Ivrarren hitzetan bai bere gurasoen begiradan. Turkian, egun, 1.805.255 iheslari siriar daude. Hori dela eta, kanpaleku berri bat eraikitzen ari dira Kilis herrian, mugatik gertu. “Hurriyet” egunkariak iragarri duenez, 55.000 pertsona hartzeko gaitasuna izango du. Kilisen, dagoeneko, 123.000 siriar bizi dira, bertakoak baino 108.000 pertsona gehiago. Datozen egun eta asteetan, ordea, gehiago iritsiko diren beldur dira agintari turkiarrak Estatu Islamikoaren kontrako borrokengatik. Egun, Siriaren eta Turkiaren arteko mugan 25 kanpaleku daude.
Turkia, gainezka
Munduan, iheslari gehien hartzen dituen herrialdea da Turkia. Ekainean, soilik, 24.000 lagunetik gora iritsi ziren bertara Siriako gerratik ihesean. Volkan Bozkir Europar Batasuneko Gaietarako ministroak hurrengo iheslari uholdeak zuzenean Europako herrialdeetara joko duela aurreikusi du “Hurriyet” egunkarian eginiko elkarrizketan. «Gure harrera gaitasuna azkenera iritsi da. 6.000 milioi dolar gastatu ditugu jada eta aurrerantzean ezingo ditugu iheslari gehiago hartu. Europar Batasunak 70 milioi euroko diru laguntza eskaini zigun, baina, oraindik ez dugu sosik jaso», salatu du.
Datuen azken eguneraketaren arabera –uztailaren 9koak–, 4.013.000 lagunek alde egin dute Siriatik. Beste 7,6 milioi lagunek beraien bizilekuak utzi behar izan dituzte, Sirian bertan iheslari bihurtuz. «Duela hamar hilabete eskas, iheslariak hiru milioi ziren. Orain, lau milioitik gora. Egoerak horrela jarraitzen badu, urte bukaerarako, herrialdetik ihes egindakoen kopurua 4,27 milioikoa izango da»&csMarker;, ohartarazi du Antonio Guterres Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. «Belaunaldi bakar batean errefuxiatu gehien eragin dituen gatazka dugu Siriakoa. Aipaturiko zifra horiek, dena den, gora egin dezakete gerrak aurrera egiten duen heinean. Pertsona horiek guztiek nazioartearen laguntza behar dute orain, ezin dute gehiago itxaron. Baldintza lazgarrietan bizi dira», gaineratu du. «Jordanian, kanpalekuetatik at bizi direnen %82 pobreziaren atalasetik behera bizi dira, eguneko 3,2 dolar baino gutxiagorekin. Libanon errefuxiatuen %55 etxebizitza kaskarretan bizi dira», zehaztu du Guterresek.
Itzultzeko itxaropenik gabe
Sorterrira itzuli ahal izateko itxaropena gero eta murritzagoa da egunetik egunera. «Amorrua eta etsipena areagotzen ari dira iheslarien artean. Ezin dugu halakorik baimendu. 5.500 milioi dolarreko laguntza behar dugu. Tamalez, kopuru horren %24 besterik ez dugu lortu. Murrizketa gogorrak egin beharko ditugu, laguntza humanitarioa nabarmen murriztuz. Ondorioz, iheslariek ezin izango dituzte beraien seme-alabak ikastetxeetan matrikulatu eta osasun zerbitzuetara jotzeko zailtasun gehiago izango dituzte», aurreratu du Guterresek.
«Ez dugu Siriara itzultzeko asmorik. Eguneroko bizitzak kezkatzen gaitu, nola bermatu gure seme-alaben biziraupena», dio Yassin Alik AFP berri-agentziari eginiko adierazpenetan. Gatazka hasi zenetik, duela bost urte, Libanoko iparraldean bizi da, Minie izeneko herrian. Emaztearekin eta hiru semeekin bizi da nekazaritza landa batzuetan eraikitako kanpaleku ez ofizial batean, elektrizitaterik eta edateko urik gabe.
Kanpalekua kartzela batekin parekatzen du Khaled Cheikh iheslariak. «Poliziak nire lau semeak eta beste zazpi pertsona atxilotu ditu paperik ez izateagatik. Ez dugu lanik, ezta kanpalekutik ateratzeko baimenik», dio 53 urteko gizonak. «Inork ez du deus egiten gerrarekin amaitzeko eta gure itzulera ahalbidetzeko», dio etsituta. Bere sorterria, Homs, gogor kolpatu dute batzuek zein besteek gerra hasi zenetik, eta, garai batean ederra izan zen hirian, egun hondakinak besterik ez daude.
«Urteen joan-etorriarekin ohartu gara Ameriketako Estatu Batuen eta gainontzeko herrien hitz potolo eta ederrak ezerezean gelditu direla. Ez dute emandako hitza bete. Europara joan nahiko nuke. Hori da nire ametsa. Europarrek beraien etxeetan jan eta lo egiten dute. Guk, aldiz, ez dugu etxerik eta mundu guztiak zama handi bat bezala ikusten gaitu», nabarmendu du Usama al Raqak. 22 urte ditu. Gerra dela-eta, ezin izan ditu unibertsitateko ikasketak egin.
Gero eta txiroagoak
«Iheslariak gero eta pobreagoak dira eta, ondorioz, adin txikikoek ikasketak utzi behar dituzte eta lanean hasi behar dute etxean laguntzeko. Eskaletasuna ohiko bihurtu da familietan eta adin txikikoen artean», ohartarazi du Guterresek. Unicef eta Save the Children erakundeek egin duten txostenaren arabera, Jordanian errefuxiatuta dauden umeen %50ek lan egiten dute familiari laguntzeko.
2,7 milioi haur siriar eskolatik kanpo daude. «Galdutako belaunaldiaren» parte dira. «Umeek bizirauteko lan egiten dute baldintza ankerretan eta inolako eskubiderik gabe. Lehen mailako aktore ekonomikoak bihurtu dira, bai Sirian bai zonaldeko herrialdeetan ere», adierazi dute Unicefek eta Save the Childrenek. «Ordu asko lan egiten dute soldata txiki baten truke. Hori gutxi balitz, maiz, leku arriskutsuetan eta osasunerako kaltegarriak diren guneetan ari dira lanean», helarazi du Peter Salamak, Unicefen zuzendaria Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean. Bere hitzetan, «lanak haurren garapena oztopatu eta osasuna kaltetzen du; pisu handiko zamak garraiatu behar dituzte eta pestizida nahiz kimiko toxikoekin ere jarduten dute».
Jordaniako Za’atari iheslarien esparruan elkarrizketatu zituzten umeen artean, lautik hiruk lanaren ondorioz osasun arazoak dituela esan du. Eta %22k Mafraqeko eta Jordan ibaiaren ibarreko nekazaritza guneetan lanean zeudela istripuren bat izan izana onartu zuen.
Gerra hasi aurretik, alfabetatze indizea %90etik gorakoa zen Sirian eta haur gehienak eskolara joaten ziren. Bost urteren bueltan, errealitatea bestelakoa da. Datuak gordinak dira. Londresen egoitza duen Giza Eskubideen Behatoki Siriarraren arabera, 230.000 pertsonatik gora hil eta bi milioi haur Siriatik kanpo bizi dira iheslari gisa. Bost pertsonatik lauk baliabide urriak dituzte. 2011n langabezia %14,9koa zen; 2014 amaieran, berriz, %57,7koa. Biztanleriaren %66,7 muturreko pobrezian bizi da. «Ez badugu nahi belaunaldi oso batek gizateriarenganako fedea betiko galtzea, lehenbailehen zerbait egin behar dugu egungo egoera errotik aldatzeko», ohartarazi du gobernuz kanpoko Oxfam erakundeak.
Gaixotasunak hedatzeko arriskua
Edateko uraren gabezia siriarren osasuna kaltetzen ari da, batez ere, umeena. Urte hasieratik, 105.886 beherako kasu larri antzeman dira. Hepatitis A gaitzak ere gora egin du nabarmen. Otsailean, aste batean soilik, 1.700 hepatitis diagnostikatu ziren. «Egoera benetan larria da. Umeak dira kaltetuenak. Ura gero eta eskasagoa da, eta, kalitatea, txarragoa. Umeen osasuna arriskuan dago higiene arazoak direla eta», azaldu du Hanaa Singer Unicefek Sirian duen ordezkariak. Deir-Ez-Zour du uneotan kezka iturri nagusi: hondakin urak Eufrates ibairaino iritsi dira, kutsadura maila larria da eta 1.144 pertsona gaixotu dira jada tifusak jota.
Jordania eta Siriaren arteko muga pasa den apirilean itxi izanak uraren eta premia-premiazko beste produktu batzuen horniketa zaildu du herrialdean. Ordura arte, Unicefek muga hori erabiltzen zuen ura edangarri bihurtzeko materiala Siriaraino garraiatzeko. Hilero-hilero milioi erdi litro ur edangarri bihurtzen zituzten horrela.
Unicef diru bila
Egoeraren larritasuna ikusita, abuztu bukaera bitarte 5 milioi dolar jasotzeko deialdia egin du Unicefek. Ur horniketa, saneamendu-sarea eta gutxieneko garbitasun baldintzak bermatzeko behar du diru hori. Diru bilketa mezu honekin jarri du abian: «Begira itzazu inguruan dituzun umeak. Zure seme-alabak, ilobak, lagunen semeak, bilobak... Orain, irudikatu bi, hiru, lau... urtez eskolara joaterik izan ez duten Siriako umeak. Pentsa ezazu denbora horretan ezin izan dituztela beraien lagun minak ikusi, ez dutela jostailu berririk izan opari gisa, ezin izan dutela beraien ohean goxo-goxo lo egin. Ahmadi medikuntza ikastea gustatuko litzaioke, Dalak irakasle izan nahi du, baina denbora luzea daramate biek eskolara joan gabe. Zure laguntza behar dute».
7,6 milioi desplazatu Sirian eta lau milioi iheslari atzerrian. Azken bost urteotan 114.000 ume jaio dira iheslarientzako eremuetan. Nazioarteko komunitatearen laguntza ezinbesteko dute siriarrek. Guterresek 5.500 milioi dolar eskatu ditu, baina belaunaldi oso bati egindako kaltea askoz sakonagoa da.