INFO

350-400 bat pertsonek emango diote hasiera Kanoikadan Donostiako Aste Nagusiari

Egunero Victoria Eugenian egingo diren topaketen lehena egin dute gaur. Bertan izango dira, egunero, Aste Nagusian parte hartuko duten hainbat artista. Lehen topaketan jaiei hasiera emango dieten Easo Abesbatza eta Eskolako ordezkariak izan dira, eta baita Sagueseko lehen kontzertu bateratua eskainiko duten Kalakan eta Oreka TX taldeak ere. 350-400 bat pertsonek abestu eta dantzatuko dute ‘Artillero’.

Easo Abesbatzako, Ama Birjinaren Koruko, eta Kalakan eta Oreka TX taldeetako kideak, Aste Nagusiko kartelarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Aste Nagusian parte hartuko duten hainbat artisten topalekua izango da egunero Victoria Eugenia. Lehen topaketa egin dute gaur, eta bertan izan dira Kanoikadan ‘Artillero’ abestuko duten Easo Abesbatza eta Eskolako ordezkariak, eta baita Sagueseko kontzertuei hasiera emango dizkien Kalakan eta Oreka TX taldeak ere.

Biharko Kanoikadan 350-400 pertsona inguruk parte hartuko dute, eta harmaila bat jarri behar izan dute abeslari eta dantzari guztiak sartzeko.

Easo abesbatzako lehendakari den Santos Sarasolak adierazi du «ilusio handiarekin» hartu zutela ‘Artillero’ abestuko dutenaren albistea. Bihar entsegua egin behar zuten, baina igandera atzeratzea erabaki dute, Kanoikadan egoteko gogo handia dutelako.

Eskolako kide den Arkaitz Bastidak esan du lehen aldia izango dela Kanoikadan parte hartuko dutena, normalean une horretan entseguetan ibiltzen baitira. «Ilusio handiarekin» hartu zuten albistea, eta espero du bihar Alderdi Ederren «jende asko aurkitzea, animatua egotea, dantzatzeko eta abesteko gogoz».

Ikuskizun bateratua

Saguesen gauero eskainiko diren kontzertu multzoari hasiera emango diote bihar Kalakan eta Oreka TX taldeek, 23.45ean, ikuskizun bateratu batekin.

Oreka TX taldeko kide den Arkaitz Martinez de San Vicentek esan du Sagueseko emanaldia «beste mota batekoa» izango dela, normalean antzokietarako prestatutako kontzertuak egiten dituztelako. Gainera, ekitaldi «berezia» izango dela azpimarratu du.

Bestalde, Kalakan taldeko kide den Jean Michel Bereauek adierazi du bi tadeen «munduak oso ondo fusionatu direla» eta Sagueseko emankizun «polita, potentea, emozioz betea eta dinamika handikoa» izango dela. Bi taldeen arteko ahots eta soinuen «fusioa» lortu dutela gehitu du.