Piratak: «Elkar errespetatzen badugu ondo pasako dugunaren ideia nabarmendu nahi dugu»
Donostiako Piratak mugimenduaren barruan dagoen Talaia genero lantaldeko kideek aurkeztu dute Aste Nagusirako eraso sexisten aurkako protokoloa, eta gaur burutuko duten egitaraua. ‘Edozer Dugu Posible’ egunean jarritako erasoen aurkako telefonoak jaietan ere jarraituko du. 19.00etan bertsopiropoteoa eta piropo lehiaketa egingo dituzte.
Talaia genero lantaldea sortu dute Donostiako Piratek Aste Nagusia baino lehen eraso sexisten alorrean «prebentzio eta kontzientziazio lana» egiteko, eta baita formakuntzarako espazioa eskaintzeko ere. Gai honen harira, bideo bat prestatu dute.
Flamenkan egindako agerraldian adierazi dute jaietan eraso sexisten aurkako kanpaina bat landu behar zela uste zutela, «erantzun soziala antolatzeko eta prebentzio eta kontzientziazioa» lantzeko. Erantzun sozialari begira, protokolo bat sortu dute eta jaietan martxan jarriko dute. «Jai parekide, atsegin eta osasuntsuen» aldeko aldarria egin dute.
Interesgarria iruditu zaie arriskuaren diskurtsoaz gain, beste diskurtso bat lantzea: «gozamenaren ideia, denok elkar errespetatzen badugu denok ondo pasatuko dugunaren ideia, hau da, gaia plazerrarekin identifikatzea».
Gaurko antolatu duten egitaraua behar horretatik sortu da. «Dantza eta goza, jai feministen alde» murala margotuko dute Akerbeltzen, eta 19.00etan bertsopiropoteoa egingo dute, Amaia Agirre eta Alaia Martin bertsolariekin. Horrekin batera, piropo lehiaketa antolatu dute: «Asmoa da gure arteko harremana sakontzea. Ondo pasatuz hausnarketarako eremua jarri nahi izan dugu».
Piropoak sortuz «mezu berriak sortzen joatea eta gure artean harremantzeko modu berriak sortzea» du helburu piropo lehiaketak. Irabazleak sari bat jasoko du.
Egitaraua gaur hasi arren, bihar emango diote ofizialki hasiera Aste Nagusiari txupinazoarekin, 22.00etan.