INFO

Aste Nagusian parte hartzea «gero eta zabalagoa» dela nabarmendu dute Donostiako Piratek

Mugimenduak 13. Aste Nagusi Pirataren balantze positiboa egin du. «Nekatuta», baina «pozik» amaitu dutela azaldu dute, eta parte hartzea «gero eta zabalagoa dela» eta jai eredu «polit» bat eraikitzen ari direla gaineratu dute.

Milaka piratek hartu zuten parte Abordatzean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Piratak mugimenduak «egindako lanak merezi duela» nabarmendu du Aste Nagusia baloratzerakoan: «9 egun izan dira, 9 egun bizi, bete eta handi». Jaiak Donostia osora zabaltzea eta hainbeste pertsonek parte hartzea «izugarria» izan dela gaineratu dute.

Eguraldi aldakorraren ondorioz, erabaki batzuk hartu behar izatea «ez da erraza izaten guretzat, baina gure lehentasuna segurtasuna» dela adierazi dute, eta jaso duten erantzuna «eskertzekoa» izan dela azpimarratu dute, «erraztasunak besterik ez dizkiguzue eskaini».

Gainera, aurtengo edizioko berrikuntzen emaitza «ezin hobea» izan dela uste dute: «Abordatze eguneko bazkaria bertako produktuekin egin da, Aingurak antolatutakoaren moduan, baita Trinian eskaini ditugun afarietako zenbait plater ere; garagardo ekologikoa zerbitzatzeko kañeroak izan ditugu; Ezkila kapitaina birsortu dugu...».

Mugimenduak gehitu du «jai eredu polit bat» eraikitzen ari direla: «Gizarteko eta bizitzako beste aspektuetarako egokitzat ditugun balioak jaiaren esparrua aprobetxatuz ari gara zabaltzen. Urtean zehar egindako hausnarketa eta barnera begirako lanak bere fruituak eman ditu Aste Nagusi osoan».

Azkenik, «bihotz-bihotzez» esker ona adierazi diete Aste Nagusian lanean, laguntzen, parte hartzen, parrandan, jolasean aritu diren guztiei.