«AHTren zulo beltza» salatzeko protesta Donostian
Lakuako Gobernuak bihar ekingo dio Donostiako Miramar Jauregian ikasturte politikoari, lehen egunetik AHTa «zulo beltza» dela salatu nahi du Mugitu mugimenduak eta protesta deitu du. AHTren «zulo beltza azken mugaraino» handitu asmo duela Lakuak uste dute mugimendutik.
Ikasturte politikoari bihar ekingo dio Lakuako Gobernuak eta bere lehen bileran AHTren eta antzeko azpiegitura handien aurkako protesta deitu du Mugitu! mugimenduak. «AHTren zulo beltza azken mugaraino» handitu asmo duela salatu du herri ekimenak eta 2016ean «600 milioi xahutuko» dituztela. Horiez gain, gainera, Lezo-Gaintxurizketa Plataforma Logistikoa eta Donostian metroa Kontxako badiaren azpitik eraikitzeko asmoetan ere aurrera egingo dutenaren «susmoak» daudela dio Mugituk.
AHTa zulo beltza diote, «aurrekontuak, natur-ondareak eta jendartearen premiak asetzeko ezinbestekoak diren baliabideak amaigabe irenten dituen zulo beltzik handiena». Horregatik, herritarrei protesta egiteko deia egin diete. 11.00etan ekingo diote martxari Bulebarretik abiatuta.