INFO

AEK-k «makineria guztia» du martxan euskahaldun berriak egiteko

‘AEK, euskara praktikoa’ da matrikulazio kanpaina berriaren leloa eta Sara Cozar aktoreak jarri dio aurpegia, bigarrenez. Bilbotik, Cozarrek berak AEKn izena ematera animatu du, euskara ikasteak «abantailak» baino ez dituelako, «gure hizkuntza» delako eta «horren zaila» ez delako. Hitz egiteko eta ulertzeko, AEKren metodoaren eraginkortasuna nabarmendu dute koordinakundearen arduradunek.

AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpena Bilbon egin dute. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

AEKren matrikulazio kanpaina berria aurkeztu dute Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiarekin batera Artekaritza Kontseiluko kideak izan dira, besteak beste Arabako eta Nafarroako ordezkari berriak diren Gorka Arbulu eta Xabi Gartzia, hurrenez hurren. Ondoan, kanpainaren irudia izango den Sara Cozar aktore eta AEK-ko ikasle izandakoa eta Xabi Delgado ikaslea izan dira.

«Euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi dutenek AEKn metodo eraginkorra aurkituko dute, euskara praktikoa, eguneroko premietara egokitutakoa», azaldu du Mugikak Sara Cozar aktorea protagonista duen 60 segunduko spota aurkeztu aurretik. Ulertu eta hitz egiten hasi nahi duenarentzat, AEKren metodoaren erraztasuna islatzen du kanpaina berriak. Sara Cozarrek berak bere esperientzia jarri du mahai gainean. Esan duenez, «ohorea da» bigarren aldiz AEKren irudia izatea. Azaldu du AEKn ikasteak abantailak badituela, eta geletan sortzen diren harremanak ekarri ditu gogora. Adierazi duenez, barnetegiak «euskal Erasmusak» dira eta kontuan hartu behar dira egun euskara ikasteko dauden instituzio ezberdinen laguntzak. Beste mezu bi zabaldu ditu: «Ez da horren zaila» eta gainera «gure hizkuntza« da eta daukan garrantzia eman behar zaio.

Matrikulazio kanpaina irail osoan zehar egongo da zabalik euskaltegietan. Azaldu dutenez, oso eskaintza zabala dago, eta ohiko eskolez gain, mintza praktika taldeak osatzen dira, barnetegiak, on-line ikasteko aukera, titulu homologatuak eskuratzeko eskolak edota lan mundurako normalizazio planak osatzeko aukera dago. Eskaintza guztia AEKren webgunean dago.

Aurtengo matrikulazio kanpainan emaitza onak espero dituzte, aurreko ikasturteko datuei erreparatuta, 12.000 ikasle inguru izan baitzituen AEK-k, aurrekoan baino 300 gehiago.

Sara Cozarrekin batera egun AEK-ko ikaslea den Javi Delgadok hartu du hitza. Esan duenez, gure bizitzako momentu batean ekitea erabaki dugu eta «izatea ekitea da». AEKn izena ematera animatu du, «nahi baduzu lortuko duzulako».