INFO

Donostiako Kortxoenea gaztetxearen eraistea bertan behera utzi du Udalak

Bere baimenarekin iritsi dira goizen langileak Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraistera; gaztetxeko kideek, auzokideek eta EH Bilduk salatu duten moduan eraistea ez da legezko irizpide denak jarraituz agindu eta Udaleko teknikari bat gerturatzean bertan behera utzi du Donostiako Udalak. Arratsaldean berriro okupatu dute eraikina dozenaka lagunek.

Este navegador no soporta el elemento video.


Donostiako Udalak ohar bidez jakinarazi du eraistea bertan behera uzteko agindua eman duela, honek ez zituelako legez betebeharreko irizpide guztiak betetzen. Langileak goizean goiz gerturatu orduko salatu dute hori gaztetxeko ordezkariek eta auzibidera ere jo dute, eraistea ez zela legez egiten ari salatzeko. EH Bilduk ere legez kanpoko eraistea gauzatzen ari zela salatu du ohar bidez.

Udaltzaingoa izan da lehena iristen lekura, eraisteari ekin diotenean langileek bertan zen gainera, baita Ertzaintza ere. Hala ere, inork ez du oztoporik jarri, bizilagunek eta gaztetxeko ordezkariek poliziei eta eraisten ari ziren langileei behin eta berriz baimenak eskatu arren. 13.30ak aldean agindu du Udalak eraistea bertan behera uzteko, beharrezkoak diren segurtasun hesiak jarri gabe zeudelako.

Poliziak eta eraiste lanetan ari ziren langileek alde egin dute, baina gazteak inguruan geratu dira badaezpada gerta daitekeenaren aurrean.

8.40ak aldean iritsi dira Udaltzaingoaren hainbat auto eta hondeatzeko makinak gaztetxera, hura hustu eta eraisteko asmoz. Gaztetxeko kideek eta hainbat auzokidek ia horretarako baimen judizialik baduten galdetzean, «nik ez dakit lege kontuez» izan da langileen aldetik jaso duten erantzuna.

Hustutzera joandako langileak eraikin barrura sartu dira, Kortxoeneatik bertatik adierazi dutenez, eta Udaltzaingoak osatu du babes hesia inguruan, inor ez dadin gerturatu. ‘Mozal legea’ argudiatuta argazkirik egiten ere ez dietela uzten salatu dute gaztetxeko ordezkariek.

9.30ak aldean Ertzaintza Udaltzaingoa babes lanetan laguntzera gerturatu da, eraikina hustu asmo dutenen abokatua ere bertan zen. Lekukoen arabera, enpresaren abokatuaren lehen hitzak «nere jabegoan dagoen guztia nirea da» izan dira, desalojo baimenik erakutsi ez duen arren.

Udaltzaingoak deitu du Ertzaintza, «erantzun sozialaren tamaina ikusita». Hauen babesean 9.45 inguruan hondeatzeko makinak gaztetxea eraisten hasi dira.

17.30 Arratsaldean, asanblada eta manifestazioa egin dituzte, eta ondoren gaztetxea berriz okupatu dute. Ertzaintza agertu da eta barruan jende andana geratu da, Kortxoenea defendatzen eta ertzainei bidea oztopatzen. Azkenean, alde egin dute. Hainbat lagunek gaua bertan igarotzeko asmoa zuten. Bihar goizerako auzolana deitu dute, eta ondoren agerraldia egingo dute.


Nork agindu du eraistea?

Donostiako Udalak ohar bidez aurreko Udal Gobernuak onartutako erabakiaren ondorio dela eraistea adierazi du, baina berehala egin dio kontra beste ohar baten bidez EH Bilduk. Izan ere, uztailaren 14an baimendu zuen Eneko Goiaren Gabineteak gaztetxea botatzea. EAJk eta PSEk osatzen duten Udalaren argudioa da aurreko legegintzaldian onartutako proiektu batek ahalbidetu duela baimena ematea da. EH Bilduk, ordea, kargu hartu dio; Juan Karlos Izagirre alkate zelarik baimen eskari hori jaso zutelako eurek ere, baina ez onartzeaz gain gaztetxeko kideekin alternatiba baten bilaketari ekin ziotelako.

Gaztetxea bota eta etxebizitzak eraikitzeko baliatu nahi dute lurzorua. Kortxoeneak baimenik gabe ekin diotela eraisteari salatu du, eta Udaltzaingoa enpresa pribatu baten interesen mesedera erabiltzea egotzi dio Donostiako Udalari.